«Betiko kudeaketa ereduaren garaipena izan da»
«Jarraitu dezagun!» hautagaitzaren kide guztiekin batera, bigarren aldiz egongo da Jon Ander Ulazia administrazio kontseiluan.
18.395. Horiek dira Jon Ander Ulaziari baiezkoa eman zioten akzioak. Izan ere, 29 urteko abokatu eibartarra hautagai bozkatuena izan zen osteguneko hauteskundeetan. Bigarrenez jarraian, beraz, Eibarren administrazio kontseiluaren idazkaria izango da, eta kide gazteena ere bai.
Izan ere, Ulaziarekin eta Jose Mari Arrizabalagarekin batera, «Jarraitu dezagun!» hautagaitzaren kide gazte eta berrienak izan ziren boto kopuru handiena lortu zutenak. «Anekdotikotzat» jotzen du Ulaziak berak, GARArekin izandako hizketaldian, «Eibarrekin berarekin gertatzen den bezala, gure hautagaitzan ere talde kontzeptua delako gailentzen dena. Arrakasta talde osoarena izan da. Eta, are gehiago, ez nuke esango taldea osatzen dugun kideon arrakasta izan dela, baizik eta kudeaketa eredu batena, lan egiteko modu batena».
Eibar ereduaz ari da, hain zuzen ere, abokatuaren ustetan, hor datzalako akziodunen gehiengoaren babesa jaso izanaren gakoa. «Azken batean, ez dugu ezer asmatu; Eibarren bizitza osoan egin dena, besterik ez. Gu ez gara etorri beste eredu bat ezartzera, funtzionatzen duena ez dugu zertan aldatu. Klubak bere 76 urteetan izan duen kudeaketa eredu horri jarraitu diogu eta agerian geratu da akziodunek hori nahi dutela, betiko Eibarren eredua». Ulaziak onartzen du, hala ere, «egoerak laguntzen» duela, aurretik egindakoaren ondorioa bada ere. «Kluba bere historiako momentu onenean dago. Kirol mailan, historiako emaitza onena lortu berri du eta, ekonomikoki ere, historiako emaitza onena izango du urte honek. Normala da horri jarraipena eman nahi izatea», nabarmendu du Ulaziak, kanpainan «egindako lana» ahaztu barik. «Hautagaitza osoak baina batez ere Amaiak lan itzela egin du jendeari gure mezua, lana eta proiektua gerturatzeko. Hori ere nabaritu da emaitzetan».
Emaitza eztabaidaezinak. Hala ere, Jon Ander Ulaziak ez daki nahikoa izango ote den azken hilabeteotan eta, batez ere, kanpainan zehar bizi izandako tentsioa amaitzeko. «Baietz esatea gustatuko litzaidake baina ez dakit. Argi daukaguna da guk geurearekin jarraitu behar dugula, lan eta lan eta lan eginez egunero. Amaiak hautagaitzaren aurkezpenean argi eta garbi deskribatu zuen Eibar eredua: gutxi hitz egitea eta lan asko egitea. Hori da egin nahi duguna. Gure ardura nagusia, hauteskundeetan jasotako babes handiak berarekin dakarren erantzukizun handiari merezi duen erantzuna ematea da».
Gorostizaren arrakasta eztabaidaezina
Hauteskunde gaua berandu amaitu zen. Oso berandu. Eta garaile eztabaidaezinekin. Gaueko ordu bata zen, Jon Ander Ulaziak «Jarraitu dezagun» hautagaitza osoa administrazio kontseiluan jartzen zuten emaitzak irakurri zituenean.
Amaia Gorostiza zerrendaburu zeukan plataformak botoen %77 inguru lortu zuen, German Albistegirenak lortutakoak hirukoiztuz. Jon Ander Ulazia izan zen hautagai bozkatuena (18.395) –«Hiria Primeran»-en antzekoa gertatu zen, Xepe Gallastegik (5.463) Albistegik baino boto gehiago jaso baitzituen– eta John Sager akzio gutxien eskuratu zituena (597).
Ondorioz, Gorostizak presidentetzan jarraituko du. Berarekin batera, orain arte ere lagundu duten Ulazia, Jose Mari Arrizabalaga, Jose Antonio Fernandez, Josemi Fiallegas, Agustin Lahidalga, Javi Sarrionaindia, Joseba Unamuno eta bost kontseilari berri: Virginia Arakistain, Leire Barriuso, Javi Gurrutxaga, Anton Martinena eta Alex Martinez.A.U.L.