Sortuko agintaritza utziko du Otegik, EH Bilduko idazkari nagusi izendatzen badute
EH Bilduren eraldatze prozesua aurrera doa, eta Biltzarrerako bi aste eskas falta direla, astearte honetan jakinarazi dezakete zuzendaritza talderako proposamena. Sortuk bere kidegoari aurreratu dioenez, Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile orokor gisa izan da aurkeztua. Ondorioz, eta hautatua izanez gero, utzi egingo luke Sorturen Kontseilu Nazionalean duen ardura.
EH Bildu eraberrituak bere abiapuntua izango du bi aste barru, ekainaren 17an egingo den Biltzarrean. Zuzendaritza berrituko da egun horretan, prozesuan izena eman duten guztien botoen bitartez. Baina dagoeneko Sortuk bere kidegoari aurreratu dioenaren arabera, Arnaldo Otegi da zuzendaritza ekipo berri horretarako koordinatzaile orokor gisa planteatua izan dena. Lau alderdien artean adostutako proposamen horren gainerako izen-abizenak asteartean eman litezke ezagutzera.
Sortuk bere kidegoari erabakiaren berri eman nahi dio, alderdiaren zuzendaritzan ere berebiziko eragina duelako. Izan ere, Otegi da egun Sortuko idazkari nagusia, eta bi karguen bateraezintasunaren aurreikuspena egiten denez, maiatzean zuzendaritzak burututako azken bileran egun duen kargua Kontseilu Nazionalaren esku utzi zuen Otegik.
«Kontseilu Nazionalak eskaera ontzat hartu eta irailean burutuko dugun Konferentzia Politikoa bitartean, karguan behin behinean (edo funtziotan) jarraitzea eskatu dio» Otegiri, barne komunikazio honek azaltzen duenez. Hortaz, Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusi izendatuko balute, iraileko Konferentzia Politkoan idazkari nagusi berria hautatuko luke Sortuk.
Hau guztiak Sortuk EH Bilduren alde egiten duen apustu garbiaren erakusletzat jotzen du ezker abertzaleko alderdiak.