INFO

Kilometrotako auto-ilarak sortu dira AP-8an, Baionara bidean

Lakuako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, hamasei kilometrora arteko auto-ilarak sortu dira AP-8an, Biriatun, Baionara bidean. Tarte batez murriztu diren arren, berriro luzatzen ari dira.

Kilometrotako ilarak sortu dira AP-8an, Baionara bidean. (TRAFIKO ZUZENDARITZA)

Goizeko lehen orduan hasi dira pilaketak, batik bat AP-8aren eskuineko erreian, Baionako norabidean, hortik ibiltzen baitira ibilgailu astunak.

Trafiko Zuzendaritzaren arabera, 16 kilometrora arteko ilarak sortu dira, baina orduen arabera nabarmen aldatzen da. 13.00etan, ilarak 11 kilometrokoak ziren, baina 14.00ak jo aurretik 16 kilometrora igo dira berriz.

Aurreko egunetan Bidegik ohartarazi zuen gaurko auto-ilara luzeak espero zituztela, atzo Estatu frantsesean jaieguna izanik ibilgailu astunek zirkulazioa galarazita zeukatelako.

Jendarmeriak egiten dituen kontrolek ere eragina izan zezaketela adierazi zuen Bidegik.

Horrexegatik, bertatik igarotzeko asmoa dutenei uneoro informatuta egoteko gomendioa egin zieten. Errepideen egoera Trafiko Zuzendaritzaren, Bidegiren webgunearen edo 010 telefonoaren bitartez kontsulta daiteke.

Istripua Azazetan

Bestalde, Biriatun sortu diren auto-ilara horiez gain, bi pertsona zauritu dira Azazetako portuan (Araba) izan den istripuan.

Ezbeharra goizeko 8.30ean jazo da, A-132 errepidean, Iruraiz-Gauna parean, Citroen C4 batek eta Renault Trafic batek elkar jo dutenean.

Bi ibilgailuotako gidariak, gizon bat eta emakume bat, zaurituta eraman dituzte Santiagoko ospitalera, nahiz eta lehen azterketen arabera ez daukaten zauri larririk.

Gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak.