INFO

Komunikazio bideak sendotu, erakundeak herritarrekin bat jarduteko


Parte hartzeaz, zehazki, erakundeak eta herritarrak kudeaketan elkarlanean aritzeko bideez, aritu ziren arratsaldean Tabakaleran. Horretarako, Stelios Kouloglou, Anne-Marie Mineur eta Stefan Eck eurodiputatuek gaiaz asko dakiten bi euskal ordezkari izan zituzten lagun: Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Biek ala biek jarri dute praktikan parte hartzearen kultura udaletxean aginte-makila hartutakoan eta euren esperientziak partekatu zituzten: auzolan proiektuetatik hasi eta aurrekontu parte-hartzaileetaraino.

Komunikazioaren garrantzia agerian utzi zuten batak zein besteak, gobernura iristearekin batera herritarrekin harreman zuzena izateko bideak zabaldu zituztela nabarmenduz. Izagirrek bere aburuz ezinbestekoak diren hainbat gako planteatu zituen, hala nola, herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela onartzea eta horretarako aukerak ematea, herri mugimenduekin eskuz esku lan egitea eta herritarrei informazio egokia helaraztea.

Azken honi lotuta, azpimarratu zuten gaur egun informazioa helarazteko bide asko daudela, baina atzean mezu subliminal bera dagoela: «Gauzak ez daude horren gaizki eta utz ditzagun horrela».

Asiron Iruñeko udaletxera iritsi zenean testuingurua zein zen azalduz hasi zen. Nafarroako erakundeak urte luzez eskuinaren eskuetan egon ostean, aldaketa politiko izugarria suposatu zuen. Eta aldaketa hori praktikan nabaritu zedila izan zen hasieratik bere helburua. Ordura arte gobernuan izandako indar eskuindarrei tinko aurre egin zieten elkarteetara gerturatu eta eztabaida zabaltzea izan zen lehen egitekoa. «Gure baliorik handiena asoziazionismoak duen indarra da, baina erronka handia da horiek desmobilizazioan ez erortzea», aipatu zuen.

Eztabaidarako tarte gutxi gelditu zen, denboraren mugagatik, baina hitza hartu zutenek interesez galdegin zuten Asiron eta Izagirrek aurkeztutako kasu praktikoen inguruan. Baita nabarmendu ere parte hartzea bultzatze horretan tokiko erakundeek duten balioa.