INFO

EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak eta eserleku bat gehiago lortuko luke

EAJk irabaziko lituzke berriro Gasteizko Parlamenturako hauteskundeak orain egingo balira, Lakuako Gobernuaren inkesta baten arabera. Orain baino eserleku bat gehiago lortuko lukete jeltzaleek, guztira 29. EH Bilduk (18), PSEk (9) eta PPk (9) egungo legebiltzarkide kopuru bera izango lukete eta Elkarrekin Podemos koalizioak bat galduko luke eta 10ekin geratuko litzateke.

Jeltzaleek eserleku bat gehiago lortuko lukete Gasteizko Parlamentuan orain hauteskundeak eginez gero. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur argitaratu duen inkestaren arabera, EAJ izango litzateke EAEko hauteskunde autonomikoen irabazlea, 29 legebiltzarkide lortuta, orain baino bat gehiago.

EH Bilduk, PSEk eta PPk egun duten ordezkaritza bera lortuko lukete Gasteizko Parlamentuan, hots, 18, 9 eta 9 eserleku, hurrenez hurren, eta Elkarrekin Podemos koalizioak legebiltzarkide bat galduko luke eta 10ekin geratuko litzateke.

Herrialdeka, EAJ hiruretan izango litzateke lehen indarra. Bizkaian lortuko luke eserleku bat gehiago, 11tik 12ra pasata. EH Bilduk 5 izango lituzke, Elkarrekin Podemosek bat galduko luke eta hirurekin geratuko litzateke; PSEk ere 3 eskuratuko lituzke eta PPk 2.

Gipuzkoari dagokionez, EAJk 9 legebiltzarkide lortuko lituzke, EH Bilduk 8, Elkarrekin Podemosek eta PSEk hiruna eta PPk 2. Azkenik, Araban, EAJk 8 eserleku eskuratuko lituzke, EH Bilduk eta PPk bosna, Elkarrekin Podemosek 4 eta PSEk 3.

Ikertaldek egin du inkestaren informazio bilketa, maiatzaren 16tik 22ra, galdera sorta egituratu eta itxia erabiliz, etxean egindako banakako elkarrizketen bidez: 490 Araban, 1.078 Bizkaian eta 700 Gipuzkoan. Guztira 2.268 pertsona elkarrizketatu dira.