INFO

Arte eszenikoen erdigune bilakatuko du Kalealdiak Bilbo

Kaleko arte eszenikoen alorrean erreferentziazkoak bilakatu diren 27 konpainia bilduko ditu Bilbok, ekainaren 26tik uztailaren 1era bitartean, Kalealdia jaialdiaren XVIII. edizioan. Euren azken lanak aurkeztuko dituzten sei euskal konpainiarekin batera Portugal, Danimarka, Britainia Handia eta Txileko taldeak izango dira, besteren artean.

Kalealdia.

Bilboko Kalealdiak XVIII. edizioa izango du aurtengoa eta, Udalak ziurtatu duenez, «kalitate maila bikaina erakusten duen programazioarekin» egingo du gainera, kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen lerroan dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bilduko baititu Bilbon, ekainaren 26tik uztailaren 1era bitartean. Orotara 58 emanaldi izango dira eta horietako asko aurten aire zabaleko agertoki handi gisa finkatuko den Casilda Iturrizar parkean izango dira.

Guztira 27 konpainiak hartuko dute parte: sei Euskal Herrikoak (Deabru Beltzak, Dikothomia, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola) eta gainerakoak, Portugal, Danimarka, Txile, Britainia Handia edota Estatu espainol eta frantsesetik etorriak. Euren lanak dagoeneko ohiko bilakatu diren Areatzako, Plaza Barriko eta Arriaga plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, baita dagoeneko aipatutako Casilda Iturrizar parkean ere. Nobedade gisa, aurten zirkuko karpa handia instalatuko da parke horretan eta, bertan ezarriko diren lau agertokiekin batera, Casilda Iturrizar parkea bilakatuko da jaialdiaren erdigune.

Estreinaldiak

Kalealdian izango da estreinaldirik ere; Estatu espainolean oraindik eman gabe dauden zortzi lan ikusi ahalko dira jaialdian zehar. Horietatik sei Estatu frantsesetik datozen taldeek emango dituzte: genero burleskoan eta zine mutuan oinarritutako eta umorez eta akrobazia orekez osatutako ikuskizuna eskainiko du Cirque Content por Peu-k; “Comme un petit air d’ antan” ekarriko du Les Frelots konpainiak; “Impact” aurkeztuko du Cie Rêve-k; “3D” ikuskizuna ekarriko du Cie HMG-k; “Fille d’Hestia” zirku ikuskizuna eskainiko du Mystica Salvaje-k; eta “Pizza Participative” ekarriko du Quignon Sur Rue-k. Cão a Chuva clown portugaldarrak ere lehendabizikoz emango du Estatu espainolean “Vincent” performancea eta azken estreinaldia Txileko Apokellen Marionetas konpainiak eskainiko du.

Estreinaldiez gainera, nazioarteko proposamenen artean bi nabarmendu dituzte antolatzaileek: Éclats de Rock taldeak zaldi bat jarriko du hondar gainean dantzan “Ma bête noire” ikuskizunean eta horretarako «beharrezkoa izango da Arriagan neurri handiko metalezko estruktura instalatzea», azaldu dute. Bestetik, Quignon Sur Rue taldeak labe ibiltari bat ekarriko du Casildara, ogiaren inguruan eraikitako “Pizza Participative” ikuskizunerako.

Horrez gain, Itsasotik Itsasora-Zirkuko Pirinioak lankidetza ekimenaren barruan, Europa barruko zirku konpainia garrantzitsuenetako batzuek esku hartuko dute Bilboko Kalealdian, horien artean Bivouac (Estatu frantsesa), Daraomaï (Estatu frantsesa) eta Eia Zirku Konpainiak (Katalunia).