INFO
Interview
KETXU BEDIALAUNETA
BASTIDA IKASTOLAKO ZUZENDARIA

«Arabako Errioxako ikastolek euskaraz bizitzea posible dela erakutsi behar dugu»

Ketxu Bidealauneta Bastida ikastolako zuzendaria ondarroarra da, baina 25 urte daramatza Arabako Errioxan. Eskualdean euskararen egoera asko aldatu dela nabarmentzen du, hala ere, beste pauso bat emateko unea heldu dela uste du: euskara kalera atera behar da, bizilagunek erabili egin behar dute.


Bosgarren aldiz heldu da Bastidara Araba Euskaraz. Nola bizi duzue festa?

Alde batetik, harrotasunez, horrenbeste aldiz antolaketa lanetan aritu izanagatik. Baina, bestalde, neketsua ere bada. Urte guztia ematen duzu lanean, eta ikastola txikia gara, ez ditugu bazkide asko laguntzeko. Dena den, oso pozik gaude.

Urtebeteko lana izan da. Zaila izan da dena prestatzea?

Bai, halako jai bat antolatzea gero eta zailagoa da, agian egun dagoen inplikazioa ez delako orain dela urte batzuk zegoena. Eta esan dizudan bezala, gure kasuan bazkide gutxi gara, 161 ikasle soilik ditugu; eskerrak kanpoko jendeak laguntzen digun, Arabako ikastoletako lagunen eta boluntarioen laguntza asko eskertzen da. Bakarrik ezin izango genuke guztia antolatu.

Zein da jaiaren helburu nagusia?

Helburua ahal dugun euskaltzale kopuru handiena batzea da, horrek ematen digun indarrarekin euskaren alde lanean jarraitzeko. Eta etekin ekonomikoari dagokionez, Haur Hezkuntzako marko pedagogikoaren ezarpena da gure helburua behinenena. Horrek eskatzen du espazioaren antolaketa berria, obra batzuk egin beharko ditugu, irakasleei formakuntza berezia eskaini beharko diegu...

Nolakoa da euskararen egoera Arabako Errioxan?

25 urte daramatzat hemen eta euskararen egoera asko hobetu da. Egun nire ikasle ohiak daude nirekin lanean, euskaldunak, eta beraien semeak gurekin daude ikastolan. Euskara ez dugu bakarrik Arabako Errioxan zabaltzen, Miranda eta Haroko ikasleak ere baditugu. Hala ere, beste salto bat eman behar dugu: euskara dakitenek euskara erabili egin behar dute. Pentsatu behar dugu zer egin dezakegun jendea euskaraz bizitzeko.

Zein izan behar da ikastolen papera helburu hori lortzeko?

Arabako Errioxan ikastolek lehentasunezko papera jokatzen dugu euskaraz bizitzea posible dela erakusteko.