INFO

Alardea dela eta, berdintasunaren aldeko ekarpena eskatu die agintariei Arartekoak

«Oso garrantzitsua da herri-agintariek esplizituki aitortzea zer-nolako ekarpena egiten duten urtero Irungo kaleetan berdintasunezko alardea antolatu eta ospatzen duten gizon-emakumeek», azaldu du Arartekoak bihar ospatuko den Irungo San Martzial Alardea dela eta kaleratu duen adierazpenean. Hainbat herrik euren tradizioak egokitu dituztela esan du Emakundek eta Irunen ere «aurrerapausoa emateko» deia egin du.

Iazko Irungo alardearen irudia. (NAIZ)

«Irungo San Martzial Alardea dela eta, Arartekoak berriro adierazi nahi du usadiozko jai horretan –irundar guztientzat esanguratsua eta hunkigarria–, giroa gero eta lasaiagoa eta parte-hartzaileagoa dela», adierazten du Arartekoak.

«Desfileetan ikusten den harmonia eta zehaztasuna antolaketa-ahalegin handiaren eta milaka parte-hartzaile eraginkorren ondorio dira. Bereziki, Arartekoak atseginez ikusten du emakumeek jai horretan parte hartu ahal izateko tokia lortu dutela, berdintasunezko alardean desfilatzen dutela, hala nahi badute, eta dezente arindu dela eskaera horrengatik luzaroan bizi izan den tentsioa», gaineratu du.

«Herritarren eskubideak sustatzeko lana betez, Arartekoak gogorarazi behar du botere publikoek funtsezko zeregina betetzen dutela gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzeko orduan. Ildo horretan, Arartekoak ahaleginak egin ditu azken urte honetan –eta hala egiten jarraituko du geroan ere– elkarrizketa eta komunikazioa ahalbidetzeko herri-agintarien eta jaian parte hartzen duten irundarren artean. Izan ere, bere asmoz eta ustez, gizarte zibilaren eta udal erakundearen arteko elkarrenganako konfiantza-giroan oinarrituz lortu ahal izango dira aurrerapenak gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasunerako bidean», aurreratu du.

Eta gauzak horrela, afera honetan herri-agintariek duten ardura nabarmendu du. «Oso garrantzitsua da herri-agintariek esplizituki aitortzea zer-nolako ekarpena egiten duten urtero Irungo kaleetan berdintasunezko alardea antolatu eta ospatzen duten gizon-emakumeek. Zeregin horretan herri-agintariek protagonismo nagusia dutenez gero, Arartekoak espero du agintari horiek beharrezko baliabideak jartzea pixkanaka aurrerapenak lortzeko, herritarren artean bizikidetza-giroa eta jai ospakizun barneratzailea lortzeko, elkarrenganako konfiantzan, errespetu demokratikoan eta pertsonen berdintasunean oinarritutakoa», adierazi du.

Emakunde, «aurrerapauso» eske

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Irunen izango da bihar, San Martzial jaien baitan Alarde Mistoari babesa emateko, eta gogoratu du gero eta herri gehiago direla herritarren laguntzarekin euren tradizioak egokitu dituztenak emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko. Hori dela eta, dei egin die Irungo Udaleko ordezkariei eta bertako biztanleei «aurrerapausoa eman dezaten Irunen ere».

Emakunderen ustez, tradizioak herrien giza kohesiorako funtsezko elementuak dira, testuinguru jakin batean sortzen diren tradizioak, baina eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko. «Honek ez du tradizioen kontra egitea suposatzen, aberastea baizik, emakume eta gizonei eskubide berdinak emanez», esan du.

Landaidaren arabera, «elkarrizketa da bide eraginkorrena errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko». «Elkarrizketa lehen pausoa da, ezinbestekoa, elkarbizitza lortzeko, eta herriaren gehiengoak erakunde publikoei eskatzen digu jarrera aktibo bat izateko konponbide batera heltzeko», adierazi du. Hori dela eta, dei egin die udaleko talde politiko guztien ordezkariei elkarrizketa prozesua bultza dezaten.

Emakundek gogoratu du berdintasuna balore soziala eta demokraziaren oinarrizko ardatza dela, eta, legeak hala aginduta, erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko betebeharra dutela emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberekin. Horretarako, elkarrizketa, elkarlana eta akordioa arazoa konpontzeko tresnak direla iritzi dio.

Hain justu, tresna horiek erabiltzen jarraituko du Emakundek, orain arte egin duen bezala, hainbat herrietan egin dutena ikusita, posible delako tradizioak egokitzea. «Gaur bertan, San Pedroren jaietan, Lekeition, emakumeek arraunak eraman ditzute lehen aldiz Kaxarrankaren dantzan», gaineratu du.