INFO

‘Mozal Legea’-ren aurkako borroka indartzeko deia Gasteizen eta Donostian

Espainiako Gobernuak Hiri Segurtasunerako Legea onartu zuenetik, ‘Mozal Lege’ gisa ezagutzen dena, bi urte pasa direnean mobilizazio parea izan dira Gasteizen eta Donostian. Hauen amaieran, hego Euskal Herrian 3.000 bat alditan lege hau eskubide zibil eta politikoen aurka aplikatu dela salatu dute. Legea bertan behera uzteko indarrak batzeko deia egin dute.

‘Mozal Legea’-ren aurka Donostian. (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)

Gaur bi urte ezarri zuen Espainiako Gobernuak Hiri Segurtasunerako 4/2015 Lege Organikoa, ‘Mozal Legea’ deitu zaiona herri mobilizazioen aurka egiteko bere baitan zituen artikuluak tarteko. Gasteizen eta Donostian manifestazioak izan dira arratsaldean lege honen aurka eta bide horretan borroka indartzeko beharra azpimarratu dute. 

Bide horretan ekimenak iragarri dituzte. Lehen ere egindako moduan, berriz ere, Nafarroako eta EAEko legebiltzarretan honen aurkako jarrera publikoa berresteko ekimenak sustatuko dituztela iragarri dute. Gainera, parlamentariei eskubideen aurkakoak diren kasuetan salaketa publikoa egin eta zigortuari babesa adierazteko konpromisoa eskatuko dietela iragarri dute. Azkenik, lege hauek ez aplikatzeko konpromisoa eskatuko diete. 

‘Mozal Legea’-ren aplikazioari aurre egiteko protokoloa ere iragarri dute gaur, lege horren araberako isun edo salaketarik jasotzen duenari aholkularitza zerbitzua eskainiko die horrela Eleak-Libre mugimenduak, «desobedientzia da bidea gure ustez eta horretarako laguntza eta babesa emango ditugu», adierazi dute. 

3.000 bat aldiz eskubideen aurka hego Euskal Herrian

Urteurrenarekin bat lege honen aplizaioaren berri ere eman dute datutan. Donostiako Libre mugimenduaren esanetan, Espainiako Barne Ministerioaren datuak oinarri, Estatuan 286.000 alditan aplikatu da Hiri Segurtasunerako lege hau, horietatik 34.000 bat bilera, informazio eta adierazpen asktasunarekin zerikusia duten kasuak dira, beste 12.000 desobedientzia kasuengatik eta 19.500 poliziari adierazitako errespetu faltagatik. 

EAEren kasuan 8.000 bat espediente direla adierazi dute eta 3.000 Nafarroan. «Estatuko media aplikatuz, gutxienez 3.000 euskaldunon eskubide zibil eta politikoen aurkakoak» izan direla salatu dute.