INFO

Euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuak, Lakuakoak eta EEPk

Nafarroako eta Lakuako gobernuek eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Bost lankidetza esparru aurreikusten ditu.

Bingen Zupiria, Ana Ollo eta Mathieu Berge, hitzarmena sinatu ostean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Mathieu Berge Euskararen Bulego Publikoko presidenteak hiru lurraldeetarako berariazko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Nafarroako Jauregian.

Lankidetzarako bost esparru ezartzen ditu itunak. Hala, helduendako euskararen hezkuntza eta irakaskuntzari dagokionez, irakasleen eta ikasleen mugikortasuna eta trukatzeak sustatuko dituzte, helduendako irakaskuntza-curriculuma garatzea eta irakasleen berariazko prestakuntza.

Hiru lurraldeek hizkuntza-gaitasun mailak ebaluatzeko probak eta sistemak ere prestatuko dituzte eta hirurek emandako tituluak elkarri aintzatetsiko dizkiote.

Eskolaren esparrutik kanpo, neska-mutilendako aisialdi jarduerak eta trukeak sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko. Halaber, ingurune digitalean dauden informazioak trukatuko dituzte.

Hitzarmenak euskararen eta gogoeta-eremuen sustapena ere aurreikusten du, hiru erakundeek koordinatutako sustapen programen bidez eta gogoeta egiteko eta ezagutzak partekatzeko eremuak sortuz.

Horrekin batera, egiten dituzten ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako eta bildutako datuak bateratuko dituzte. 

Azkenik, harreman estua aurreikusten du hitzarmenak, Europako finantzazioek eta POCTEFA programa berriek hizkuntza-politikaren erronkak kontuan har ditzaten. 

Ollok nabarmendu duenez, akordioak «elkarrekiko lankidetzari jarraituko dio, bikoiztasunak, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko eta eraginkortasunik handiena lortzeko».

Zupiriak, berriz, lankidetza hau «naturala» dela esan du eta euskararen etorkizuna bermatzeko balioko du».

Bergek azpimarratu du lankidetza hau «euskararen transmisioa eta erabileraren sustapenerako ezinbestekoa» dela.