INFO

Ireki ekimena: 80.229 sinadura, ekarpen bat eta ondorio ugari

Bildutako 80.000tik gora sinadura Foro Sozialaren eskuetan utzita, berea egin du Ireki ekimenak. Balantzea egiteko orduan lorpen xume asko ageri da; esaterako, siglen gainetik norbanakoengana jotzen denean, presoen auzia konpontzeko gogoa egiaztatzea.


Ez da hedabideetan gehiegi nabarmendu (ekimenaren aurkezpena eta bukaerako mobilizazioa izan dira ia albiste bakarrak), baina inurri lana eginez Euskal Herrian sekula lortutako atxikimendu kopuru handienetakoa bildu du Irekik: 80.229 sinadura, beren izen-abizenekin, erraz esaten da. Helmugara iritsita agur esaten du orain, presoak etxera ekartzeko ahaleginean lagungarri izango delakoan.

Gazi-gozo eta argi-ilun batzuk badira ere, «kualitatiboki»&flexSpace;hasieran zituzten asmoak bete direla adierazi diote GARAri Eneko Iurramendik eta Jon Urrusolok, Irekiren bultzatzaileetako bik. Adibidez, presoen aldeko astindua eragitea langileen esparruan. «Kezka horrekin abiatu ginen. Garai zailenetan egin izan ziren ekimenak (baraualdiak, itxialdiak...) orain ez gertatzea, egungo testuingurua askoz errazagoa denean, harrigarria baitzen», aitortzen du Iurramendik. «Urtarrileroko manifa kenduta, basamortua ikusten genuen», erantsi du Urrusolok. Bere kanpainarekin gaia euskal langileen agendan sartu dela erakutsi dute. Erabili duten giltzarrapoaren irudia askoren gogoan gelditu da, eta asmoetan ere bai.

Interpelazio pertsonalen balioa

Langileen agendan... eta ez soilik sindikatu sigla batera edo bitara mugaturik. Funtsezkoa izan da honetarako buruz buru, aurrez aurre, ahoz aho eginiko lana. «Hainbat tabu izan bazen hor, baina alde batetik UGT edota CCOOrekin honetaz hitz egiteko bildu gara inolako arazorik gabe, diskretuki, eta auzi honi heltzeak ez diela kontraesanik eragiten esan digute. Eta beste aldetik, argi ikusi dugu norbanakoen bitartez, harreman pertsonalen bidez interpelazio zuzena egiten denean, jendeak aldarrikapen honen alde egiten duela. Lantokiek horretarako aukera ematen dute, hor denok elkar ezagutzen dugu-eta», nabarmendu du Iurramendik.

Horrelako dinamikek emaitzak ematen dituztela berretsi du Urrusolok, eta ondorio hauxe erantsi du: «Askotan gugan dago arazoa, gure ‘konfort gunetik’ ez dugulako atera nahi. Horretan mugitzen ohituta gaude, baina ez da aski». Deigarria egin zaio, anekdota modura nahi bada, kanpainan eragile izan den zenbait lagunek nahiago zuela sinadura berea ez beste lantoki batean biltzea, erosoago aritzeko-edo.

Banan-banan eta nonahi sinadura eskatzen hasita, baiezko erantzuna ohikoena izan dela eta apenas jaso dutela ezezkorik ziurtatu dute Ireki-ko kideek. «Aukera izan duenean, jendeak presoen auzia konpontzearen alde dagoela adierazten du», frogatuta ikusi du Urrusolok. Honekin, aldarrikapena oraindik zabalago egiteko baldintzak egon badirela ondorioztatu dute: «Jendearengana iritsi garen tokietan, filiazio sindikalaren gainetik, jendeak sinatu egin du».

Ondorio kualitatibo gehienak onak badira ere, kuantitatiboki Ireki-k bere buruari jarri zion erronka ez duela bete ez dute ezkutatzen Urrusolok eta Iurramendik. Hala ere, hasieratik bazekiten ia ezinezkoa izango zitzaiela 150.000 atxikimenduen langa gainditzea, honelakorik ez baita inoiz batu honelako ekimen baten bidez. «Baina ez dugu horren balorazio txarrik egiten –zehaztu du Eneko Iurramendik–. Helburu hori izatea beharrezkoa genuen, beti saiatzen eta saiatzen segitzeko, etsi gabe. Kopurua jartzeak lagundu egin digula uste dut, honetan ibili den jendea motibatu egin duen heinean».

Gabeziak eta aukerak

Mugarri horretatik urrun gelditu izanaren arrazoi nagusia «logistikoa izan da, ez dugu boluntario nahikorik lortu», zehaztu du Urrusolok. 80.229 sinadura hauei erreparaturik, Ireki irits zitekeen toki guztietara heldu izan balitz, 150.000tik gorako uzta izango zuela pentsatzen du Iurramendik, eta horrekin kanpainaren emaitza are borobilagoa izango zela. Baina ez dute batere gutxiesten 80.000 hauen balioa eta kontsentsuak eraikitzen joateko bidean Foro Sozialari lagungarri izango zaizkiola espero dute.

Bildutakoa zehatzago aztertuz gero, ordea, arazo estruktural batzuk agertzen dira balantze honetan. Esaterako, Irekik eskualdeka lortu beharreko sinadura kopuruaren aurreikuspena egin zuen, gida modura, eta adibidez Iruñerrian, Sakanan eta Hego Uriben helburuaren %8otik gora ibili badira ere, Ezkerraldean ez da horren %10era ere heldu, eta Gasteiz-Arabako Errioxan eta Oarso-Bidasoan ere eskasa izan da emaitza. Askotan «zulo» gisa agertzen diren hiriburuetan datuak ez dira kaxkarrak izan, baina harreman pertsonal horiek garatzeko bideak bertan zailagoak direla egiaztatu dute. Bestalde, presoen eskubideen alde dabiltzan ekimen guztien artean «honelako nahasmena» sumatu dute, batzuen eta besteen ahaleginak pilatzen direlako elkarlanean jarri eta batu beharrean. Ondorio hori atera dute eta honela adierazi diete, guztion borroka hau eraginkorragoa bilakatzeko asmoz.

«Ireki bukatu da eta egindakoarekin pozik gara –laburbildu du Iurramendik–, baina lanketa honek jarraipena izatea nahiko genuke. Gure arloan nolabait giroa berotu izan dugula uste dugu eta ekarpentxo honek, Foro Sozial Iraunkorraren txapelpean-edo, baliagarria izateko gogoa dugu». Egun presoen afera PSEren edota UGTren agendan ere izatea poztasunez hartzen dute.

Bere kanpaina, gainera, salbuespen egoeretatik harago joan da, presoak etxera ekartzeko ortzimuga nabarmen seinalatuz, eta hala ere jendetza handia bilduz: «Gauza logikoa zela aipatzen genuen, mundu osoan gertatu delako, eta honela ulertu du sinatu duen jende guztiak, buelta askorik eman gabe. Hemen ere gertatu behar dela badakite».