INFO

Argentina, Guatemala, Cadiz eta Leongo musika doinuak izango dira Santutxuko jaietan

Kumbia Queers argentinarrak, Guatemalako Rebeca Lane rap abeslaria, Cadizeko Ea! taldea eta Los Ciclones de Becerril Leongo tronpeteroak uztailaren 8tik 16ra bitartean Santutxuko jaietan izango dira. Solte taldearen agurra, auzoko rock taldeekin antolaturiko maratoia eta gastronomia lehiaketak ere ez dira faltako.

Kumbia Queers

Inoiz baino nazioartekoagoak izango dira 2017ko Santutxuko jaiak. Argentina, Guatemala eta Estatu espainiarretik musikari eta talde ezberdinak ekartzea lortu baitu auzoko Jai Batzordeak. BBK Live jaialdiak edo Sestao eta Barakaldon antolatzen diren Karmen jaietarako aurrekontuetatik urruti dauden arren, musika egitarau txukun eta interesgarria antolatu dute Santutxun. Izan ere, Udalak emandako 1.500 eurotako diru laguntzarekin Basarrateko plazan jarritako eszenatokia ordaintzerik ere ez daukate.

Gomendagarria da Kumbia Queers argentinarrek ostegunean, uztailaren 13an, eskainiko duten emanaldira hurbiltzea. Rebeca Lane Guatemalako rap abeslaria uztailaren 14an arituko da Koban donostiarrekin batera eta rock maratoia irabazten duen taldearekin. Cadizeko Ea! taldea eta Leongo Los Ciclones de Becerril ere arituko dira festak girotzen.

Horrez gain, auzoko Solte taldeak agur esango diogu bere ibilbideari uztailaren 15ean «Hileta jaia» bezala izendatu duten emanaldian. Santutxuko rock taldeekin ere maratoia egingo dute urtero legez uztailaren 11an, eta ez dira faltako lehiaketa gastronomikoak.

Larunbatean, uztailak 8, hasiko dira festak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak izango dira pregoilariak. Hurrengo igandean, uztailak 16, amaituko dira.