Edesa-Industrialeko enpresa batzordeak negoziazio mahaia utzi du, CNAren jarrera dela-eta
Edesa-Industrial-Garagartzako enpresa batzordeak CNAren zuzendaritzarekin lehen bilera zuen gaur, lantegiaren itxiera aurreikusten duen Enplegu Erregulazio Espedientearen inguruan. Langileen ordezkaritzak zuzendaritzaren «metodo ilun eta nahasgarriak» kritikatu ditu eta negoziazio mahaia uztea erabaki du.
Uztailaren 1ean CNA taldeak Edesa-Industrialen Garagartzako lantegia ixteko Enplegu Erregulazioko Espedientea (EEE) aurkeztuko zuela jakin zenetik lehen bilera zuten gaur enpresa batzordeko ordezkariek zuzendaritzarekin.
«Gure lehen sorpresa izan da enpresaren aldetik Edesa Industrialeko Giza Baliabideetako zuzendaria agertu dela soilik», azaldu du enpresa batzordeak ohar batean.
Langileen ordezkariek ez dute onartzen lantegia ixteko EEE bat aurkeztea, «urriaren 25era arte baliagarria den suspentsioko EEEa bat egonda». Horrekin batera salatu dutenez, garbiketa ekoizpenaren lerroa ixtea «ez du nahikoa azaldu» zuzendaritzak.
«Ez dugu ezagutzen enpresa egiten ari den bideragarritasun plana, eta ez dakigu zeinek hartuko duen zuzendari nagusiaren figura», erantsi du.
Langileen ordezkarien iritziz, «isolatutako erabaki bat onartzea nahi da, argi dagoenean zerbait sakonagoaren baitan txertatuta dagoela». Horregatik, negoziazio mahaia uztea erabaki dute.
Enpresa batzordearen ustez, CNA taldeak «ezin du enpresa hau aurrera atera orain osatuta dagoen moduan, eta litekeena eta honi bideragarritasuna emango dion inbertsore bat sartzeko asmoa izatea, nabarmena izanik EEE hau plan horren zati bat dela».
Ildo horretan, «Tokiren baten» langileen «etorkizuna erabakitzen» ari direla salatu eta «metodo ilun eta nahasgarri horiek onartezinak» direla nabarmendu dute. Horrenbestez, eta «egia esaten ez diguten bitartean, CNA enpresarekin konfrontazio osoan gaudela adierazten dugu».