INFO

Saharako eta Txernobileko umeei harrera Udaletxean

Uda garaian Euskal Herrira etortzen diren Sahara eta Txernobileko umeei eta beren bertako familiei harrera egin diete Bilboko Udalean.

Aburto alkatea eta Udaleko beste zinegotzi batzuk umeekin. (@bilbao_udala)

Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan harrera egin diete Tindoufeko (Argelia) kanpalekuetatik eta Txernobileko hondamendiaren ostean Ukraina, Errusia zein Bielorrusiako umezurtzentzako zentroetatik heldutako 57 umeei.

Beraiekin batera beren Euskal Herriko familiak egon dira. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok esker oneko hitzak izan ditu umeei harrera egiten dieten 54 familientzat, baita ume horiek uda ematera Euskal Herrira etortzea ahalbidetzen duen elkarteentzat ere, Fronte Polisarioak duen ordezkaritzarentzat eta Chernobileko Umeak, Asociación Chernobil, ACOBI eta Ukrania Gaztea elkarteetako ordezkarientzat.

Egiten duten lan eta ahalegin handiak eta konpromisoa eskertu nahi izan dizkie alkateak. Familiei ere esker ona agertu die uda guztietan erakusten dituzten eskuzabaltasun eta elkartasunagatik.

Alkatearen hitzetan Bilbon «eraikitzen ari garen balioen hiriak oinarri ditu hau bezalako keinuak». 

Aldi berean, Bilboko Udalak hitzarmenak berritu ditu aipatutako elkarteekin, ume eta gazte horiek garapen eta hazte-prozesu hobeak edukitzeko, erradiazio nuklearra duten aldeetan bizitzeagatik jasan behar dituzten ondorioei aurre egiteko eta muturreko klimetan, arreta barik edo desegituratutako familiakoak izanda afektu barik bizitzeagatiko ondorioei aurre egiteko.

Hitzarmen hauen bidez, alde batetik, Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin «Oporrak Bakean» programa indartu da, batera finantzatuta. Hori 19 urte arteko saharar ume eta gazteentzat da. Bestetik, duela 8 urtetik hona Europako Ekialdeko umeak ekartzeaz eta familietan hartzeaz arduratzen diren elkarteekin ere hitzarmena sinatu dute.