INFO

Zizurkil, Aduna eta Asteasuko indusketek 1936ko gerrako dokumentazioa osatzen lagundu dute

2014 Tolosaldeko hiru udalerrik –Zizurkil, Asteasu eta Adunak– zonaldeko lubakiak induskatzeko auzolana antolatu zuten. Proiektuak hartu duen bide onaren ondorioz, aurten Larraul batu da elkarlanera. Uztailaren 3an hasi ziren indusketa lanetan, eta aurkikuntzak baino, lan hauek dokumentaziorako suposatzen duten garrantzia nabarmendu dute Aranzadi elkartetik.

Aranzadiko kide eta boluntarioak, Zarateaitzeko lubakietan lanean. (Ane URKIRI)

Bala zorroak, obus zatia eta bala bat aurkitu dituzte oraingoz, hamar egunean zehar egindako lanetan. Ikerketa zientifikoa dela zehaztu du Javier Buces Aranzadiko ikerlarietako batek, eta arkeologiaren bitartez oroimena berreskuratzen ari direla azpimarratu du.  

1936ko abuztuan eta irailean Adunako, Asteasuko eta Zizurkilgo herrietako mendi adarretan ezarritako Saseta defentsa-sistema altxamendu militar frankisten aurka antolatutako euskal erresistentziaren mugarri izan zen. «Gerra Zibileko lehen frontea dago hemen, Zarateaitzen, hiru urte daramagu hemen lanean baina oraindik asko dago lantzeko», jakinarazi du Asteasuko alkate Pili Legarrak. 

«Gure memorian pasarte guztiak egokitu nahi ditugu eta gazteak auzolandegi honen muin izatea dibulgaziorako aproposa da», ondorioztatu du Maribel Vaquerok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendariak. Jose Antonio Agirre lehendakari izendatu ahal izateko gune hau oso garrantzitsua izan zela gaineratu du. 

Julian Blanco ikerketa honen aurrean dagoen arkeologo frantsesak azaldu du lubakiak osatuta dauden harri lehortuak gerren aurreko garaietakoak izan daitezkeela, eta ondoren 1936ko gerran aprobetxatuak. «Horregatik ikerketa historikoaren hasiera artxibo eta dokumentazioetan egin genuen, ondoren interesgarri ziren lekuetan lan esparrua zehazteko». Orain bi urte 88 bala-zorro aurkitu zutela gogoratu du, eta horiek erakutsi zuten lubaki hauek gerra garaian erabiliak izan zirela. Soldaduek unean unean komeni zitzaien aldera harriak mugitzen zituztela egiaztatzen duen estruktura bat ere aurkitu dutela azaldu du. 

Aurten lehendabiziko aldiz, gainera, espainiar Estatuko boluntarioak batu dira Aranzadik, lau udalerrien eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, aurrera eramaten duen proiektu honetara. «Madril, Asturias, Andaluzia eta Kataluniatik etorri dira aurten», adierazi du Manex Arrastoa elkarteko koordinatzaileak. Hala, arkeologoa den Sergi Flixentzat lehenengo aldia da horrelako erresistentzia guneetan aritzen dela. «Aurretik historia-aurreko guneetan aritu izan naiz, lan egiteko modu oso ezberdinak dira, hemen zorroztasun gutxiago eskatzen baita».