INFO

Galesko Newport hirian lantegi berria eraikiko du CAFek

Britainia Handian ehun kokapen baino gehiago aztertu ondoren, Galesko Newport hiria hautatu du CAF enpresak bere lantegi berria eraikitzeko. 38 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du eta 300 langile inguru izango dituela kalkulatzen du.

CAFen lantegia Beasainen. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

CAFek iaz jakinarazi zuen Britainia Handian ezartzeko asmoa zuela, esleipen garrantzitsuak lortu baititu han. Kokapen egoki eta onena bilatzeko lanetan ehun toki baino gehiago aztertu ditu CAF Turnkey Engeenering filialak, eta azkenean Galesko Newport hirian dagoen Celtic Business Park aukeratu du lantegi berria eraikitzeko, ohar batean jakinarazi duenez. Trenbide sarera konexioa izatea, konexioa izateko aurreikuspena izatea eta eremuan kualifikatutako eskulana izateko aukera izan dira faktore garrantzitsuenetakoak tokia hautatzeko orduan.

Newport Galesko hirugarren hiru handiena da, gertu dauden Cardiff eta Swansea-ren atzetik, eta 140.000 biztanle ditu.

Lantegia eraikitzeko 38 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du CAFek eta Galesko Gobernuaren Atzerriko Inbertsioen Programako diru-laguntzak jasoko ditu.

Lantegia 46.000 metro karratuko lursailean egongo da eta 300 langile inguru izango dituela kalkulatzen dute. Trenbide-ibilgailu mota oro egiteko diseinatuta dago. Bertan egingo dira bai ibilgailuen muntaketako eta akaberetako jarduerak, bai trenak zerbitzuan jarri aurretik egin beharreko proba guztiak. Era berean, tokiko hornitzaileengan eragin handia izango duela aurreikusten du CAFek, «zeharkako lanpostu gehigarriak sortuko baitira». 2018ko erdialderako martxan egongo dela espero du.