Inflazio tasak gora egin du Hego Euskal Herrian azken urtean
Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) behera egin du ekainean Gipuzkoan eta Bizkaian, eta gora Araban. Nafarroan, prezioek ez dute aldaketarik izan aurreko hilabetearekin alderatuta. Urte arteko inflazio tasak, ordea, gora egin du lau herrialdeetan. INE estatistika institutu espainolak emandako datuen arabera.
INE estatistika institutu espainolak gaur plazaratu ditu ekaineko inflazioari buruzko datuak. Hego Euskal Herriari dagokionez, Nafarroan Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) ez du aldaketarik izan maiatzetik ekainera.
Iturri horren arabera, Araba da prezioak garestitu diren herrialde bakarra, ekainean %0,2 egin zuten gora aurreko hilabetearekin alderatuta.
Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, zertxobait merkatu dira prezioak, %0,1, maiatzetik ekainera.
Azken hamabi hilabeteak
Azken urteko eboluzioari erreparatuta, ordea, joera goranzkoa da lau herrialdeetan. Arabak eta Bizkaiak dute inflazio tasarik altuena Hego Euskal Herrian, %1,6koa. Gipuzkoan %1,3koa da eta Nafarroan, %1,1ekoa.
Estatu espainolean, prezioek ez dute aldaketarik izan maiatzetik ekainera baina urte arteko inflazioak behera egin du, %1,5era.
Erregaiak merkatu
INEk adierazi duenez, ekaineko KPIren beherakadan eragin duten faktoreak argindarra, erregaiak eta jakik batzuk izan dira. Garraioaren eta gasolinaren prezioa jaitsi egin da, argindarrak ez da iaz bezainbeste garestitu eta jakiei dagokienez, frutaren prezioaren igoera duela urtebetekoa baino apalagoa izan da eta barazki eta egoskariak merkatu egin dira.