Lau gune nagusi izango dituen zirkuitu «eroso eta atsegina» prestatu dute Kilometroetarako
Bost kilometro inguru eta lau gune nagusi izango dituen zirkuituari azken ukituak ematen ari zaizkio egunotan Oñatiko Kilometroetako antolatzaileak. Irailaren 24an egingo da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa handia.
Oñatiko Murgia auzoan dagoen Asentzio ermitaren aurrean agerraldia egin dute 2017ko Kilometroak jaialdiaren antolatzaileek prestatu duten ibilbidearen berri emateko.
Txantxiku ikastola ari da antolakuntza lanetan eta ‘Lekaixoka!’ lemapean egingo da aurtengo edizioa.
«Polita, erosoa eta atsegina» izango da ibilbidea eta, azaldu dutenez, irisgarritasunaren aldetik, «guztiok parte hartzeko modukoa». «Oñatiko ikuspegi ederra eramango dute irailaren 24an bisitan datozen euskaltzaleak», adierazi dute.
Ibilbideak lau gune nagusi izango dute: lehenengoa Oñatiko plazakoa. Hau izango da handiena eta bi zati nagusitan banatuko da: plaza eta frontoia. Frontoian haurrei zuzendutako ekintzak kokatuko dira eta plazan adin guztietarako kontzertu eta ekintzak aurkitu ahal izango dira.
Bigarren gunea San Martinen kokatuko da; hirugarrenak Asentzio ingurua hartuko du eta laugarrena Santa Lutzian izango da. Hauetaz gain, Eroskiko aparkalekuan artisau eta euskal kulturgintzaren txokoa kokatuko da.
Ibilbideak bi sarrera nagusi izango ditu eta sei parking erraldoi atonduko dira. Haietako bakoitzetik autobus zerbitzua eskainiko da Oñatiko erdigunera iristeko.
Herriko San Migel festekin bat ez egiteko, astebetez aurreratu dituzte Kilometroak eta irailaren 24an, Oñatin egingo den Nazioarteko Artzain Txakur leihaketarekin bat egingo du jaiak. Goizean zehar ibilbideko bigarren gunetik pasatzen direnek zuzenean ikusi ahal izango dute txapelketa.
Olaiturri elkartekoek ere Kilometroak egunerako emanaldi bereziak prestatu dituzte. Oñatiko historia ezagutzeko 20 minutuko hiru emanaldi desberdin eskainiko dituzte herriko hiru txoko berezietan: Lazarraga parkean, Unibertsitateko klaustroan eta Zumeltzegi dorretxearen aurrean eguerdiko 12.00etan, 13.00etan eta 15.30ean.
Egun handia iritsi aurretik beste ekimen sorta bat egingo dutela ere aurreratu dute. Hala nola, iraileko lehen astebururako mosaiko erraldoi bat egiteko deialdia luzatuko dute, bigarren asteburuan Errealeko nesken partidua ospatuko da Azkoagain futbol zelaian eta herritar guztientzat zabalik izango den drogen kontsumoaren prebentziorako hitzaldia ere izango da.