INFO

Biarrizko ordainlekuko hesiak igota protesta egin du ELB sindikatuak

Gidariak laborariek bizi duten egoeraz sentsibilizatzeko asmoz, Biarrizko La Negresse autopistako hesiak igo dituzte ELB sindikatuko kideek, autoak doan pasatzen utziz.

ELB sindikatuak Biarrizko La Negresse ordainlekuan egin du protesta. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Estatu frantses mailan Laborarien Konfederazioak egindako deialdiarekin bat eginez, A-63 autopistako La Negresse ordainlekuan (Biarritz, Lapurdi) protesta egin du ELB sindikatuak.

Hesiak altxata, gidariei doan pasatzeko aukera eman diete nekazariek, beraien egoeraren berri ematen zuten esku-orriak banatuz.

Nekazariei zuzendutako diru-laguntzetan dauden atzerapenek etxalde askoren bideragarritasuna kolokan jartzen dutela salatu du Konfederazioak.

Hain zuzen, ‘SudOuest’ kazetak berri eman duenez, nekazaritza bioekologikoari dagozkion ordainketak zein MAEC deritzenak ez dituzte 2015etik jaso. Berauek gehiago luzatu gabe ordaintzeko exijitu dute.

Nekazaritzaren eremuan Emmanuel Macronen Gobernuak hartutako azken erabakiak ere gaitzetsi nahi izan dituzte gaurko protestekin.