INFO

Jai ereduaren aurkako erasoak gaitzetsi ditu EH Bilduk

EH Bilduk Aste Nagusiaren balorazio positiboa egin du, baina gertatutako eraso matxistak salatzearekin batera jai eredua «baldintzatu eta zalantzan jarri» nahi izan duten «kanpo elementu extremistak» kritikatu ditu.

Ane Ortiz txupinera eta Nati Ovelleiro pregoilaria, konpartsetako kideekin jaietako azken egunean. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

«Beste urte batez Bilboko Konpartsak zoriondu behar ditugu haien lanagatik. Konpartsak dira Aste Nagusia munduan bakarra egiten dutenak. Beste urte batez argi geratu da jai batzorde mistoaren formula egokia dela. Bertan Udalak Bilboko Konpartsekin elkarlanean aritzeko apustua egiten du», nabarmendu du Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak Aste Nagusiaren balorazioa egiterako orduan.

Ildo horretan, Ane Ortiz txupineraren eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren izenean aritu den Nati Ovelleiro pregoilariaren lana eskertu ditu.

Hala ere, EH Bilduren ustez, hainbat arlo daude hobetzeko. Alde batetik, eraso matxistak «errealitate bat» direla gogoratu du eta tresna gehiago behar direla «gaitz horrekin bukatzeko».

«Adierazpenetara mugatu beharrean, Udal honek, beste instituzioek bezala, berdintasun politiken aldeko apustu argia egin behar du. Gizartean dauden ezberdintasunekin bukatzeko lan egin behar du eta ez soilik ezberdintasun horren ondorioengatik atsekabetu. Hurrengo aurrekontuak aukera paregabea izango dira ikusteko zer nolakoa den emakumeenganako udal gobernuaren konpromisoa», azpimarratu du Fatuartek.

EH Bilduk «jai eredua baldintzatu eta zalantzan jarri nahi izan duten kanpo elementu extremistak» salatu ditu. Begoñako igogailuan falangisten probokazioekin edo gudari eta milizianoen memoriaren kontrako erasoa Artxandan aipatu ditu.

Talde memorialistek eskatu duten moduan, Falangeren kontrako salaketa jartzea epaitegian eskatu du.

Kritika soziopolitikoa eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak ere kritikatu ditu EH Bilduk.  Hontzak konpartsaren txosnako dekorazioa kendu izana onartezina dela esan du Fatuartek. «Aldarrikapenak beti izan dute lekua jaigunean, batzuek gustoko izan ez arren», gogoratu du.

Udalak azpiegitura publikoen bitartez zezenketak sustatzea ere gaitzetsi du EH Bilduk. «Nahiz eta herritarrek gero eta argiago utzi kontra daudela, Aste Nagusian bederatzi zezenketa egin dira eta modu ez zuzenean diru publikoa jaso dute. Udalak 40.000 euro xahutu ditu EAJ, PSOE eta PPko zinegotzi eta erretiratuen elkarteentzeko sarreretan», salatu dutenez.

«Juan Mari Aburtok ez du ezer esaten. Errealitatea da geroz eta jende gutxiago doala zezen plazara; horren erakusle joan den jende kopuru txikia, nahiz eta sarreren prezioak jaitsi. Litekeena da laugarren urtez jarraian zezen plazak galerak izatea. Gogoratu behar da jabetzaren %50 Udalarena dela eta defizita 257.053,68 eurokoa dela 2014tik. Noiz arte ordainduko dugu guztiok gutxi batzuen kapritxoa?», salatu du EH Bilduk.