INFO

Turismoa arautzeko «lehen solairuko araua» mantentzea nahi du Donostiako EH Bilduk

Donostiako EH Bilduk ekimen publikoa egin du Bulebarrean ‘Turismoa, Donostia eta Donostiarren Neurrira’ proposamena herritarrekin eta bisitariekin konpartitzeko helburuarekin. Bertan, Amaia Almirallek pisu turistikoen problematikari aurre egiteko EH Bilduk proposatzen dituen neurriak aurkeztu ditu. Izan ere, udal gobernuak biharko iragarri du ordenantza berriaren aurkezpena eta, dirudienez, zenbait auzotan ‘lehen solairuko’ araudia kendu nahi dute.

Amaia Almirall Donostiako EH Bilduko zinegotzia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Izan ere, udal gobernuak biharko iragarri du ordenantza berriaren aurkezpena eta, dirudienez, zenbait auzotan ‘lehen solairuko’ araudia kendu nahi dute. Zentzu honetan, Almirallek adierazi du «udal ordenantza berriak orain Donostian indarrean dagoen lehen solairuko araua mantendu behar du, arazoari aurre egiteko ezinbesteko tresna delako».

EH Bilduko bozeramaileak ordenantza berriaren aurrean EH Bilduren «baldintzak» azaldu ditu. Lehen solairuaren araua mantentzea eta legez kanpoko pisu turistikorik ez onartzea izango dira baldintza horiek. «Hortik aurrera, ordenantza berriak pisu turistikoak gehiago mugatzeko balio behar du», eta zentzu honetan, beste jarduera ekonomikoek dituzten baldintzak bete beharko lituzketela azaldu du Almirallek. Edozein kasutan, EH Bilduk «lehen solairuaren arauaren azpitik dagoen ezer ez duela onartuko» argitu du zinegotzi independentistak.

Ez legezko pisuen gehiegizko hazkundearen aurrean, Almirallek salatu du EH Bilduk udalbatzan egindako eskaeren aurrean, orain arte, udal gobernuak «ukatu egin duela arazoa zegoela, neurriak hartu behar zirela eta baliabide gehiago jarri behar zirela». Hauek horrela, «etorkizunari begiratzeko garaia dela eta, arazoak handitzen joango direla jakinda, pisu turistikoak gehiago mugatu behar dira» adierazi du EH Bilduren bozeramaileak.

Gogoratu behar da EAEko pisu turistikoen erdia baino gehiago Donostian daudela, gehienak legez kanpokoak, eta egunetik egunera kopurua handitzen doala. Lakuako Gobernuaren arabera Donostian 889 pisu turistiko daude, baina AirBNA webgunearen arabera, Donostian gaur 2.317 eskaintza daude AirBnB-n.