Irailaren 11ko Diadan parte hartzeko deia egin du Independentistak Sareak
Kataluniako Diada «momentu historiko baten erdian» iritsiko dela azpimarratu du Independentistak Sareak eta, horrexegatik, irailaren 11n Bartzelonan «elkartasuna eta konplizitate osoa era nabarmenagoan» erakusteko deia egin die euskal herritarrei.
Ohar baten bitartez, irailaren 11n ospatuko den Kataluniako Diadan parte hartzeko deia egin du Independentistak Sareak. Aurtengo zita «momentu historiko baten erdian» datorrela nabarmendu dute, «Errepublika katalana aldarrikatzeko urrats definitiboak egiten ari diren unean».
«Kataluniako gehiengo zabalak argi ikusten du guztientzako etorkizun hobe bat ekarriko duela estatu independientea izateak eta, dagoeneko, prozesu subiranistaren azken fasean sartuta daude. Urriaren 1eko erreferendumak atean zabalduko dizkio Errepublika katalana aldarrikatzeko prozesu konstituziogileari», azaldu dute.
Honek guztiak, Independentistak Sarearen aburuz, «hankaz gora jartzen du espainiar erregimena» eta, hortaz, Estatua «prozesua suntsitzeko bitarteko guztiak» erabiltzen ari dela salatu dute.
Kataluniako herriaren borroka horretan «guztion etorkizuna jokoan» dagoela azpimarratuta, Euskal Herrian ere Madrilgo «erasoei kementsu erantzuteko» prest egon behar dela adierazi dute.
Zentzu horretan, Diada «eraso gordinen aurrean herri katalanak indar erakustaldia egiteko eguna» izango dela iragarri dute.
Independentistak Sareak irailaren 11n Diadan parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei, «gure elkartasuna eta konplizitate osoa era nabarmenagoan agertzeko». Bi hitzordu finkatu dituzte: lehena, 15.00etan, Bartzelonako Euskal Etxearen ondoan (Placeta de Montcada, Born auzoan), «euskal gunera» joango den kalejira bertatik aterako baita.
Bigarren zita ordu erdi beranduago dago jarrita, arratsaldeko mobilizazio erraldoiaren «euskal gunean», 307. tramoan (Passeig de Gàcian, Plaça de Catalunya eta Gran Via tartean).
Kamiseta, zapi eta banderola berdeak, ikurriñak, bandera nafarrak eta bestelako ikurrak eramateko deia egin du Independentistak Sareak.