INFO

Michael Winterbottomen azken filmak itxiko du Culinary Zinemaren zazpigarren edizioa

Alemania, AEB, Argentina, Danimarka, espainiar Estatua, Erresuma Batua, Estonia, Italia, Israel eta Japoniako zazpi ekoizpenek osatzen dute Donostia Zinemaldiak Berlinalerekin lankidetzan eta Basque Culinary Center-ekin elkarlanean antolatutako saila.

‘A Trip To Spain’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

Culinary Zinema, zinema eta gastronomia elkartzen dituen Donostia Zinemaldiko saila, zazpi filmez osatuta egongo da zazpigarren edizioan, eta Asiako eta Europako gastronomietan oinarritutako istorioak ekarriko ditu. Amaiera-filmak Michael Winterbottomen sinadura darama. Zuzendari onenaren Zilarrezko Hartzaren (In This World) eta Zilarrezko Maskorraren (Genova) irabazleak ‘The Trip to Spain’ aurkeztuko du Steve Coogan eta Rob Brydonekin batera.



Inaugurazio-filmak, ‘Michelin Stars - Tales from the Kitchen’ izenburupean, Michelin gidaren handitasun eta miseriei heldu die, gastronomiaren urrezko aro honetan. Rasmus Dinesen izan da zuzendaria.

Aurreko urteetan bezala, filmaren edukiekin lotura duen afari batekin osatuko da emanaldiaren esperientzia. Hiru sukaldari arduratuko dira inaugurazioko afariaz: Elena Arzak, hiru Michelin izardun Donostiako Arzak jatetxekoa; Latinoamerikako emakumezko sukaldari onena hautatua izan den Kamilla Seidler, La Pazeko Gustu jatetxekoa; eta Alain Weissgerber, Schützen am Gebirge (Austria) herrian dagoen Taubenkobel jatetxekoa. 

Ruben Trincadok, Donostiako Mirador de Ulía jatetxekoa, Daniel Lóopezek, Donostiako Kokotxakoa, eta Kepa Txapartegik, Hondarribiako Alamedakoa, ‘Constructing Albert’ filmean oinarrituko dute afaria. Mutsuo Kowaki japoniar sukaldariak bento-kutxa fina prestatuko du ‘Papa no obento wa sekaiichi / Dad's Lunch Box’ filmeko istorioaren omenez. ‘Ramen Heads’ filmarekin lotutako afaria Osamu Tomitak berak, Japoniako ramen-sukaldari ospetsuenak, prestatuko du. Andrea Tumbarellok, Don Giovanni jatetxeko sukaldariak, ‘E il cibo va’ filmean ageri den erbesteko janaria iradokiko du. Tomás Kalika, Buenos Aireseko Mishiguene jatetxean munduko sukaldaritza judutarraren errezeten ondarea berreskuratzen duen sukaldaria, eta Ni neu jatetxeko Mikel Gallo ‘The Cakemaker’ filmean oinarrituko dira.

Azkenik, Enrique Fleischmann mexikar sukaldariak, Txoko Getaria eta Bidaniako Bailara jatetxeen jabeak, eta nöla (Sigüenza) jatetxeko sukaldariak, Jorge Maestrok, batera prestatuko dute amaierako afaria. Txoko eta nöla ‘The Trip to Spain’ filmean ageri diren jatetxeetako bi dira.



Emanaldira eta afarira joateko sarrerak irailaren 4an jarriko dira salgai, 70 euroan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez. Filmak soilik ikusteko sarrerak irailaren 17tik aurrera jarriko dira salgai, 7,20 euroan.