INFO

Kezka bizia eragin du Israelek langile humanitarioak bisarik gabe utzi izanak

Israelgo Estatuak ez die lanerako ezinbestekoa duten bisarik ematen atzerriko erakunde humanitarioetako langileei. Azken hilabeteotan dozenaka langile izan dira jarrera berri horren biktima. Palestinarrek behar-beharrezkoa duten laguntza kaltetzen da, batez ere, okupatzaileak kolonia juduak handitzeko gero eta urrats gehiago egiten ari direnean (%85eko hazkundea azken urtean), PAE Palestina Askatzeko Erakundeak atzo bertan salatu zuenez.


Giza eskubideen aldeko erakundeetako langile ugari bisarik gabe geratu izan dira azken hilabeteotan, eta beste askok sekulako pazientzia erakutsi behar izan dute lanerako beharrezkoa duten dokumentua lortzeko.

Tel Aviveko agintariek adierazi dute ez dagoela arrazoi politikorik arazo horren atzean, burokratikoak baizik, eta ukatu egiten dute propio oztopoak jartzen ari direnik.

France Presse agentziarekin hitz egin duten langileek esan dute ez dagoela behar adinako komunikaziorik Israelgo agintariekin. «Egoerak okerrera egin dezake eta makina bat operazio humanitario geldiarazi», esan du bere izena eman nahi ez duen erakunde horietako arduradun batek.

Laguntza ikaragarri garrantzitsua da palestinarrentzat. Gazan, esaterako, Israelek eta Egiptok zerrendari ezarri dioten blokeoaren eraginez, populazioaren %80k ezin du aurrera atera talde horien laguntzarik gabe, Munduko Bankuak plazaratutako txosten baten arabera.

Atzerriko erakunde gehienek Israeldik barrena eramaten dute beren laguntza, potentzia okupatzaileak eremu horretara doazen bide guztiak mendean baititu. Gazako hegoaldeko mugari dagokionez, esan daiteke beti itxita egoten dela.

Joan den ekainaz geroztik, atzerriko erakundeetako langile berriek ez dute B1 motako bisarik lortu, lan egiteko ezinbesteko duten baimena, Israelek langile humanitarioei normalean ematen diena, Gai Sozialetarako Ministerioak emandako datuen arabera. Tankerako egoera bizi izan zen 2016ko abuztutik abendura eta aurtengo martxotik apirilera. Bisa eske dabiltzan langileek denbora asko egin behar izaten dute kanpoan, aurrera egin ezinda. Beste batzuek legez aurkako bidea aukeratzen dute eta lanean hasten dira turista bisarekin, okupatzaileek harrapatu eta kanporatzeko arriskuari aurre eginez. «Erakunde humanitario bateko zuzendari bat Israeldik kanpo harrapatuta geratzen denean, egoera luzatuz gero, laguntza beranduago iristen da behar den lekuetara», esplikatu dute erakundeek.

 

Palestinar familia bat bidali eta kolonoak sartu, Jerusalemen

Jerusalem hiriko ekialdeko Sheij Jarrah auzoko etxe alokatu batean 53 urte egin dituen palestinar familia bat bertatik bidali egin zuten atzo Israelgo segurtasun indarrek eta berehala sartu ziren bertara kolono juduak.

Israelgo Poliziak goizean goiz itxi zuen Shamasne familia bizi zen etxea dagoen kalea. Kazetariei agenteek esan zietenez, auzokideen, maizter berrien (kolonoen) eta operazioaren aurkako jarrera adierazteko bertaratu ziren ekintzaileen artean iskanbilarik ez sortzea izan zen segurtasun indarren helburua.

Sheij Jarrah auzoa Israelek okupatuta daukan Jerusalem hiriko ekialdean dago. Azken urteotan auzoa «judutzen» ari dira okupatzaileak, Anat Ben Nun Bakea Orain gobernuz kanpoko erakundeko eledunak Efe agentziari esplikatu dionez. Alokatutako etxeetan bizi diren palestinarrak izaten dira biktimak, eta Israelgo agintariek legedia gehien komeni zaien moduan erabiltzen dute horretarako, juduek «itzultzeko» omen duten eskubidea baliatuta.

Shamasnetarrek aspalditik zekiten beraien etxea utzi beharrean izango zirela. 2013ko abuztuan Auzitegi Gorenak familiak aurkeztu zuen errekurtsoari ezetz erantzun zion, eta erabaki zuen shamasnetarrak babestu beharreko maizterrak ez direla. Beraz, eraikinaren jabeek –juduak– etxea husteko agindu dezakete.GARA