INFO

Aurtengo Igartza Miren Amurizarentzat, ‘Paperezko txoriak’ proiektuagatik

Zaintza, bakardadea eta senideen arteko harremanak oinarri hartu eta baserri girora eramango ditu Miren Amurizak ‘Paperezko txoriak’ deritzan proiektuan. Igartza saria irabazita, urtebeteko epea du orain eleberria biribiltzeko.

Miren Amuriza, erdian, Joxe Begiristain CAFeko ordezkariarekin eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearekin, gaur goizean, sariaren berri eman dutenean. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Sabina Lizardi 80 urteetan sartuta dagoen amona du protagonista Miren Amurizak (Berriz, 1990) Igartza sarira aurkeztu duen proiektuan. Suizidio saiakera batekin abiatuko du urtebeteko epean ondu behar duen nobela, eta hortik senideen arteko harremanetan sakonduko du, zaintza eta bakardadea ituan kokatuta.

Sabinaren alaba Karmelek eta iloba den Oihalek osatzen dute ‘Paperezko txoriak’ proiektuaren ekosistema. «Hiru pertsonaiek aurre egin beharko diote egoerari –amonaren suizidio saiakeraren ondoren– eta zaintza haien bizitzen erdigune bihurtuko da».

Baserri giroan eta egungo Euskal Herrian girotuko da lana, baina ez «forma agonikoan».

Paraleloan, Oihalen kontakizun propioa garatuko du. «Amonaren iraganean arakatzen saiatuko da bere suizidio saiakerak sortu dion kulpa lasaitzeko».

Kontakizun ziklikoa izango da Amurizak onduko duena. «Krisi baten ataritik abiatuko da lana, eta beste krisi baten atarian amaituko da», adierazi du gaur Donostiako Elkar aretoan, sariaren berri emateko egindako prentsaurrekoan.

Saria, gaur arratsaldean Beasainen

Miren Amurizak gaur arratsaldeko 19.00etan jasoko du Igartza saria, Beasainen, izen berbera daraman jauregian.