Erruaren zama isila
Constantin Popescun drama latza eraman du Sail Ofizialera, haur baten desagerpenaren ondoren gurasoek pairatzen duten sufrimenduaren isla krudela.
152 minututako lana da ‘Pororoca’. Tempo geldokoa. Luzea. Baina tempo berezi hori behar du. Maria bost urte eta erdiko haur bat da eta ezustean, aitarekin eta anaiarekin parkean dagoenean, desagertu egiten da.
Gurasoen gainbehera abiatzen da orduan eta Constantin Popescuk tentsioa behetik gora igotzen du. Eta batez ere aitaren ikuspegian oinarritzen da, desesperazioaren muturreko egoera batean jarriz.
«Niri gertatu zitzaidan gauza batean eta antzeko kasu batzuetan oinarritu nintzen. Gustatzen zaizkit normalean zuzendariak grabatu nahi ez dituzten gauzak grabatzea. Hau da, pertsonaia lo dagoenean, etxean bakarrik dagoenean... Ikusi nahi ez ditugun gauza horiek guztiak interesatzen zaizkit. Agian antzeko momentuak pasa ditugulako eta deseroso sentiarazten gaituztelako», esan du prentsaren aurrean filmaren emanaldiaren ondoren.
«Filma hasten da modu objektiboan, angelu zabal batekin eta pixkanaka denbora zatikatzen joaten da. Ikusten dugu lehen lau egunetan pixkanaka garatzen doala historia baina gero jauzika hasten gara, denbora luzeagoz, eta azkenean 54. egunera iristen gara, azken egunera arte. Normalean jendea horrelako egoeretan denboraren perzepzioa guztiz desberdina izaten du eta hori erakusten saiatu gara», gaineratu du.
Zuzendaria pozarren agertu da Donostian egoteagatik. «Publiko berezia du, beroa. Eta sortzaileei hobeto ulertzen gaituztela uste dut».