INFO

Serrano, Urretabizkaia eta Aramburu, Euskadi Literatura Sarietako lehen irabazleak

Lakuako Gobernuak aurtengo Euskadi Literatura sarietako lehen hiru irabazleak eman ditu aditzera: Asier Serrano Euskarazko Literaturan, ‘Linbotarrak’ lanari esker; Arantxa Urretabizkaia Euskarazko Saiakeran, ‘Bidean ikasia’ obrarekin, eta Fernando Aramburu Gaztelaniazko Literaturan, ‘Patria’ lanari esker.

Asier Serrano eta Arantxa Urretabizkaia saridunak, Bingen Zupiria eta Joxean Muñoz ondoan dituztela. (IREKIA)

Gasteizko Ignacio Aldecoa liburutegian egindako prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eman dituzte ezagutzera Euskadi Sarietako lehen irabazleak, Euskarazko Literatura, Euskarazo Saiakera eta Gaztelaniazko Literatura sailetakoak, Asier Serranok, Arantxa Urretabizkaiak eta Fernando Aramburuk jaso dituztenak, hurrenez hurren.

Agerraldian Serrano eta Urretabizkaia agerrladian izan dira, eta esker ona agertu dute sariengatik.

Euskadi Literatura sarien gainontzeko lau irabazleak bi aste barru emango dira aditzera: Gaztelaniazko Saiakera, Euskarazko Literatura Itzulpena, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa.

Sariak azaroaren 13an banatuko dira, Bilboko Azkuna Zentroan izango den ekitaldi batean.

Zupiriak Euskadi Literatura sarien helburuak gogoratu ditu: «Gure sortzaileek egiten duten lan ona aitortzeaz gain, sari hauek lan hori ikusgai egiten laguntzen dute. Sari hauek jaso dituztenen zerrendak argi erakusten du gure sortzaileen talentua, baina gure kulturak, aitortzaz gain, agerikotasuna ere behar du, kulturak ikusgaitasun politikak ere behar ditu».