INFO

Pariserako bidaia bihar hasiko da Luhuson, «12 ordu bakearen alde»-rekin

Abenduaren 9an Parisa joateko deialdi kanpaina Luhuson hasiko da bihar, Bake Bideak eta Kulturgileen Ekimenak antolatu duten «12 ordu bakearen alde: eta orain presoak» ekitaldiarekin. Pariserako autobusetan izena emateko zerrendak irekiko dituzte bertan.


Guztia prest da, bihar «12 ordu bakearen alde: eta orain presoak» jaialdia arrakastaz burutzeko. Bake Bidea eta Kulturgileen Ekimena kolektiboek behar zituzten 200 laguntzaileak lortu dituzte, «artistak motibatuak dira» eta «jendeak ulertu du larunbatean Luhuson egoteak duen garrantzia», azaldu dio GARAri antolaketa lanetan buru-belarri dabilen Stephane Etxegaray, Etxe, musikariak.

Iazko abenduan Luhuson Poliziak atxilotu zituen bake artisauen artean zen Etxe, eta hain zuzen ere, Pariseko kalabozoetan zen bitartean sortu zen Kulturgileen Ekimena. «Behin askatasuna berreskuratu eta Euskal Herrira itzuli nintzenean naturalki atxiki nintzen kolektibora», gogoratu du Etxek.

Kulturgileen lehen urratsa bake prozesuari sostengua emateko blog bat sortu eta agiri bat kaleratzea izan zen. Kultur munduko jende anitz bildu zen manifestuaren inguruan eta aurrera begira haien eremutik eragiteko hautua egin zuten. Horrela, abenduaren 9an Parisera joateko deia zabaldu zenean deialdiarekin bat egiteko bideo bat egitea erabaki zuten.

“Hordago” izeneko bideoklipean 35 kantarik hartu zuten parte, eta beranduago “Hordago making of” kaleratu zuten, parte hartzaileen lana erakusteko. Orain, musikaz, dantzaz eta animazioz betetako egitarau oparoa antolatu dute «Parisera ahalik eta jende gehien eramateko helburuarekin».

Oraindik egiteko asko

Parte hartzaileen artean denetariko artistak daude, baina guztiek azpimarratzen dute hiritar gisa duten erantzukizuna. «Kulturgile baino lehen hiritarra naiz; beraz, naturala da nire hondar aletxoa jartzea», esan du Sustrai Colina bertsolariak. Antzera mintzo da Aguxtin Alkhat musikaria: «Bakoitzak badugu gure historia, eta nik nirea dudan neurrian, ekimen honekin hasiera-hasieratik bat egiteko beharra sentitu dut».

Colinak, gainera, «inoren deiaren zain egon gabe, nork bere burua antolatzeak duen balioa» goresten du. Maialen Errotabere abeslariak ere hartuko du parte, «artisten arteko kooperazioa ederra eta beharrezkoa» baita, bere ustez, eta ekitaldia Luhuson izateak duen izaera sinbolikoa nabarmendu du.

Guztiek bat egiten dute oraindik egiteko asko dagoela esatean. «Armagabetzea pauso garrantzitsua izan zen», Alkhaten aburuz, «baina askatu beharreko beste korapiloak ere badira». Ildo beretik mintzo da Etxe: «Ekimen hauekin giroa mantendu nahi dugu, prozesua oraindik hor dagoela oroitarazi, zeren apirilaren 8az geroztik jende batek uste du bakean garela, baina ez da horrela, bakea ez da armak uztea bakarrik».

Kultura, bitarteko eraginkorra

Kultura «jendea bildu eta etxeetan sartzeko» bitarteko egokia dela sinetsita dago Etxe. «Batzuek esaten dute politika eta kultura bereizi egin behar direla, baina nik kontrakoa pentsatzen dut; zenbat abesti ez ditugu ezagutzen mezu indartsu bat hedatzen dutenak?», bota du galdera. Agian, horregatik ez da zaila izan kultur zaleen parte hartzea bermatzea. Bihar Luhuson ariko diren artista guztiak musu-truk ariko dira, eta teknikariek ere, ekidin ezineko gastuei aurre egin behar izango badiete ere, «laguntzeko indar handia» egingo dute.

Parte hartzaile gehienak Ipar Euskal Herrikoak zergatik diren azaldu du Etxek: «Euskal Herriko ekimen moduan ulertzen dugu mugimendu hau, baina Iparraldean sortu zenez normala da lehen atxikimenduak bertakoak izatea. Artistak etortzen joan diren neurrian osatu da egitaraua, baina egia da une batetik aurrera muga jarri behar izan dugula, artisten zerrenda luzeegia baitzen».

Artista moduan, edo hiritar soil gisara, bihar guztiek bat egingo dute Luhuson eta horietako asko, modu batean edo bestean, abenduaren 9an Parisen ere izango dira. «Ni han izango naiz, ahal badut nire alabekin», dio Alkhatek. Errotaberek Durangoko Azokan egon beharko du, baina «Parisko ekimenarekin bat egiteko zerbait egingo dela» sinetsita dago. Colinak ere ez daki joan ahal izango den, baina «nagoen lekuan nagoela», gertutik jarraituko omen du ekitaldia.

 

Etenik gabeko besta, adin eta izaera guztietako jendearentzat

«Adin guztietako jendea bertaratzeko moduko ekitaldia izango da, berdin haurrekin doazen familientzat zein rock zaleentzat», nabarmendu du Etxek. Hamar euroko salneurria izango du sarrerak eta 12 urtetik beherakoentzat doan izango da. Eguerdian irekiko dira karpa eta ostatuetako ateak, baina ekitaldia arratsaldeko ordu bietan hasiko da Elirale konpainiaren dantza emankizunarekin. Denbora aurrezteko, bi oholtza izango dira; beraz, 12 orduz ikuskizunak ez du etenik izango.

Arratsaldeko zazpietan Sustrai Colinak eta Maialen Lujanbiok bertso saioa eskainiko dute, eta jarraian, Bakebidea kolektiboko ordezkari batek hitza hartuko du. Aguxtin Alkhatek hartuko du hizlarien lekukoa eta goizeko ordu biak arte rock doinuak nagusituko dira Luhuson.H. L.