INFO

«Non da Santiago Maldonado?» oihua, desagerrarazi zutenetik bi hilabetera

Giza eskubideen aldeko hainbat erakundek, eta alderdi politiko eta sindikatu batzuek deituta, milaka eta milaka argentinar kalera atera ziren igandean maputxe herriarekin solidarioa den Santiago Maldonado gaztearen desagerpena salatzeko.


Giza eskubideen aldeko hainbat erakundek, eta alderdi politiko eta sindikatu batzuek deituta, milaka eta milaka argentinar kalera atera ziren igandean maputxe herriarekin solidarioa den Santiago Maldonado gaztearen desagerpena salatzeko.

Izan ere, urriaren 1ean bi hilabete bete ziren gaztea maputxeen aldarrikapenen alde protesta batean ari zela Poliziak (Jendarmeriak) atxilotu eta ostikoka eraman zuenetik. Orduz geroztik ez dago haren berririk.

«Non dago Santiago Maldonado?» oihua ozen entzun zen herrialde osoan egin ziren bilkuratan. Galdera hau dagoeneko lelo bilakatu da bai sare sozialetan eta bai kalean hedatzen ari den kanpainan. Galdera horren aurrean Gobernuaren isiltasuna gero eta lotsagarriagoa da.

Ekitaldirik jendetsuena Buenos Aires hiriburuan bildu zen, Maiatzaren Plazan, hain zuzen. Argentinako Gobernuaren egoitzaren aurrean. Maldonadoren senideak zeuden jendartearen buruan gazte solidarioa bizirik ager dadila exijituz. «Gaur, egunero bezala, Santiago non dagoen galdetzen diot neure buruari. Zera galdetu nahi nioke gure herrialdeko agintari gorenari, Mauricio Macri presidenteari eta bere ministroei: non dago Santiago Maldonado?» leloa bere egin zuen Sergio bere anaia zaharrenak. Honek bide batez eskerrak eman zizkien herrialde osoan ekimenetan parte hartu zuten guztiei eta bere anaia «jatorrizko herrien aldeko legezko borrokan» parte hartu zuen pertsona bat baino ez zela nabarmendu zuen.

German Maldonadok, berau ere Santiagoren anaia, gogor salatu zuen bazterrak nahastu asmoz Gobernuak aurrera daraman estrategia, auzia «politizatu» egin dela salatzen duenean.

«Maldonado familia ez da inongo alderdi politikorena. Baina auzia hasieratik politikoa da, nire anaia eraman zuen Jendarmeriaren ardura politikoena baita; beraz, hauek dira nire anaiaren desagerpenaren erantzule nagusiak». Sergio Maldonadoren emazteak, Andreak, familiaren samina gogora ekarri zuen eta bere koinatua desagerrarazi zutenen inpunitatearen aurrean mina areagotu egiten dela gaineratu zuen.

&hTab;