INFO

Alde Zaharrean hutsik dauden saltokiak suspertzeko proiektua

Udalak Dendarikale eta Belostikale kaleetan itxita dauden bost saltoki aukeratu ditu bertan proiektuak gauzatzeko xedez, Bizkaiko Barrualdeen Dekoratzaile nahiz Diseinatzaileen Elkargo Ofizialarekin elkarlanean. Biziago! izeneko programa azaroaren erdialdean amaituko da, hautatutako lokaletan irabazle suertatu diren lanekin egingo den erakusketa batekin.

Xabier Ochandiano, Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak proiektu pilotu bat abiarazi berri du Alde Zaharrean hutsik dauden merkataritza lonjetan saltoki berriak ezartzeko xedearekin.

Bilboko Udaleko 2016-2019 Agintaldiko Planean jaso zen ildo estrategikoetako bat da, eta horren xede nagusia itxita dauden saltokiak suspertzea eta krisialdiak kaltetuenetako hiriko zona horretako merkataritza guneetako batzuetan zuzenean eragitea da.

Horretarako, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez eta Bizkaiko Barrualdeen Dekoratzaile nahiz Diseinatzaileen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin, elkargokide profesionalei zuzendutako txapelketa bat gauzatuko da eta diseinu nahiz interiorismoko proiektuak egitea proposatuko da.

Hainbat hileko azterlanaren ondoren, Belostikale eta Dendarikale kaleetan gaur egun salmentan edo errentan hartzeko dauden bost lokal itxi hautatu dira, etorkizuneko saltokien inspirazio-iturri izan daitezkeelakoan.

BIZIAGO! izeneko txapelketa ezagutzera ematen hasi da elkargokide profesionalen artean, lanen aurkezpena sustatzeko. Lan horiek, teknikoki, egungo araudia bete beharko dute, betiere Elkargo Ofizialaren eta SURBISAren gainbegiratze pean.

Hilabete honetan aurkeztuko diren proposamen guztien artean, bost aurreproiektu onenak (bat lokaleko) hautatuko dira urrian; horretarako, interiorismoari, dekorazioari zein merkataritzari lotutako epaimahai profesionala egongo da.

Belostikale eta Dendarikaleko lokaletarako aukeratutako bost proposamenak azaroaren 2tik 15era egingo den erakusketan egongo dira ikusgai; lonja horien fatxadetan zein erakusleihoetan kokatuko da. Biziago! egitasmoari amaiera emateko, lan bat izendatuko da irabazle, eta herritarrek ere eman ahalko dute botoa.