INFO

Nerea Ibarzabalek Zumaiako plaza eta lehen tokia konkistatu ditu

Zumaiako Aitzuri pilotalekura bildu dira 700 bertsozale, arratsaldeak zer emango. Bertsozalea bertso onak txalotzeko gogoz eta bertsolariak puntak marrazten arratsalde osoan. Konbinazio interesgarria. Giro oso ona egon da.

Nerea Ibarzabalen ustekabea. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Nerea Ibarzabal, saioko gazteena, oso goitik aritu da saio osoan. Bertsozaleak askotan aupatu du markinarra, ideietan oso fresko aritu delako. Azkenean puntu gehien beretzat izan dira, 698,5. Eta txalo zaparrada bero bero batekin ospatu du Aitzuriko pilotalekuak.

Bigarren eta hirugarren tokian geratu dira Nahikari Gabilondo eta Miren Artetxe, biak puntuazio berarekin: 661,5 puntu. Laugarren, Arkaitz Oiartzabal «Xamoa», 627,5 punturekin. Asier Otamendik 617,5 puntu batu ditu eta Ibon Ajuriagojeaskoak, 616 puntu.

Azken final laurdena datorren larunbatean jokatuko da Tolosako Beotibarren. Bertan arituko dira Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia. Eta hurrengo geltokia, finalerdiak.