INFO

Victor serio batek Erik Jaka egurtu du (22-4)

Errioxarrak hasieratik alde nabarmena hartu du lotuta aritu den lizartzarraren aurka eta A taldea osatuko du Bengoetxea VI.a, Olaizola II.a eta Elezkanorekin batera.


Bere ibilbideko unerik gozoenean dagoela berretsi du Victor Estebanek eta, San Mateotako torneoa irabazi zuen pilotalekuan bertan partida oso serioa jokatuta, final laurdenetarako ligaxkarako sailkatu da Ezcaraykoa, Erik Jakari 22-4 irabazita.

Epaileak jaurtitako txapak lehen sakea eman dio errioxarrari eta bikain probestu du honek. Erik Jaka errestoan txukun aritu den arren, sake-errematearekin bikain aritu da Asegarcekoa eta konturatzerako 10-0 aurreratu da markagailuan. Pilota arerioak baino bizkorrago mugituz, aukerarik ere ez dio eman Victorrrek Jakari eta izan dituen gutxitan ere ez da finegi aritu gipuzkoarra.

Sakez falta bat eginda iritsi da Aspekoaren lehen tantoa, baina partidan sartzeko aukera izan zezakeenean, honek ere huts egin du lehen pilotakadan eta hortxe amaitu dira bere esperantzak. Oraindik ere non jokatuko den zehaztu ez duten arren, Danel Elezkano izango errioxarraren lehen aurkaria final laurdenetako ligaxkan.