INFO

Altsasuko gertaeretatik urtebetera, elkartasun uholdeak ez du etenik

Feriak ospatzen ari zirela Altsasuko taberna batean guardia zibil batzuekin izandako liskarretik urtebete igaro denean, herriko hiru gazte espetxean daude oraindik, epaiketaren zain, eta haiekiko elkartasunak ez du etenik. Argazki erraldoia ateratzeaz gain, gutun bidalketa masiboa prestatu dute asteburu honetarako.

Altsasuko gazteekin elkartasunez argazkia atera eta gutun bidalketa masiboa antolatu dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ostiralero legez, Altsasuko gazteen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute herrian, baina gaurko zita berezia izan da, asteburu honetan auzia piztu zuen liskarretik urtebete betetzen delako.

Bi guardia zibilekin izandako liskar haren ondotik, 375 urteko zigorra eskatzen du guztira Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak, zortzi gazterentzat 62 eta 50 urte eta erdi bitarteko espetxe zigor eskaerak eginda.

Gazteetako hiru –Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno– espetxean daude oraindik. Gaur 333. eguna dute kartzelan.

Denbora honetan guztian, gertatutakoa «terrorismoa» ez dela azpimarratu dute behin eta berriz, eta auzia Nafarroan epaitu dadila eskatu. Arlo askotan atxikimendu ugari bildu dituzte ordutik.

Elkartasunak markatutako asteburua

Udaletxe plazan bildurik, elkartasuna adierazteko argazki erraldoia atera dute gaur Altsasuko herritarrek. Horrez gain, asteburuan zehar preso dauden hiru gazteei gutunak idazteko aukera izango da, bidalketa masibo bat egin asmoz.

Era berean, Altsasukoak Aske ekimenak urtebete honetan zehar eginikoak biltzen dituen erakusketa ere prestatu dute, Gure Etxeko kalean.