INFO

43 urteren ondoren, herrira itzuli da Eloi Uriarte soraluzetarra

Deserrian 43 urte luze pasa ondoren, Soraluzera itzuli da asteburuan Eloi Uriarte eta harrera beroa jaso du bertako herritarren eskutik.


1974ko irailean ihes egin behar izan zuenetik 43 urte luze zeramatzan herritik kanpo Eloi Uriarte soraluzetarrak. Bide luze horri amaiera eman dio asteburu honetan, ostiralean harrera bero eta hunkigarria egin baitzioten herrian.

Plaentxia.eus komunikabideak berri eman zuenez, jendetza bildu zen ostiralean txalo eta besarkada artean Uriarteri ongietorria emateko. Ikurrinak eta presoen etxeratzearen aldeko banderolak zeramatzaten herritarrek osatutako pasilloa irribarretsu gurutzatu zuen Biarritzen bizi den Uriartek, Izaskun Gantxegi bikotea ondoan zuela.

Plaza Berrian, haren hutsunea irudikatzen zuen aulkia kendu zuen eta, ondoren, gauza bera egin zuen gaztetxean eta Arranoan zeuden argazkiekin.

Azaroaren 25ean ongietorri bazkaria egingo diote Soraluzen eta, aipatu komunikabideak jasotzen duenez, irekita dago izena emateko epea.

43 urte deserrian

Deserrian eman dituen 43 urte luze hauetan ez dira gutxi Uriartek pilatu dituen bizipenak. Esate baterako, bera izan zen Yeu irlan konfinatuta egon zen euskal herritarretako bat. 2011. urtean GARAk kaleratu zuen erreportaje batek jasotzen zuen bere testigantza.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzakidetzako kide ere izan da.

2012an hamar iheslariri elkarrizketa egindako elkarrizketa argitaratu zuen GARAk eta bertan ere hartu zuen parte Uriartek.