INFO

Irunen koma egoeran topatu zuten emakume gazteak ospitalean jarraitzen du

Irungo saihesbidean ahoa estalita eta eskuak eta hankak lotuta atzo goizean aurkitu zuten emakumeak koma egoeran jarraitzen du Donostia Ospitalean. Ertzaintza ikertzen ari da nork egin zion eraso eta nork utzi zuen han hogei urte inguruko gaztea.


Ertzaintza ikertzen ari da nork egin zion eraso Irunen atzo GI-636 errepideko ezponda batean atzo goizean aurkitu zuten emakumeari, eta nork utzi zuen han botata sasi eta sastraka artean, ahoa estalita eta eskuak eta hankak lotuta.

Emakumea konorterik gabe eta koma egoeran zegoen topatu zutenean eta suhiltzaileek erreskatatu ondoren Donostia Ospitalera eraman zuten. Bertako iturriek jakinarazi dutenez, ingresatuta jarraitzen du baina bere egoerak hobera egin du eta arriskutik kanpo dago, Efe agentziak zabaldu duenez.

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak ez du jakinarazi emakumearen identitatea, soilik hogei urte inguruko gaztea dela adierazi du. Efe agentziaren arabera, aurkitu zuten tokitik gertu bizi zen, bere ahizparekin.

Elkarretaratzea bihar arratsaldean Irunen

Irungo Udaleko alderdi guztiek gertatutakoa salatu dute aho batez eta emakumea lehenbailehen osatu dadila espero dute.

Ohar batean Udalak azaldu duenez, bihar goizean Bozeramaileen Batzordeak bilera egingo du gertatutakoa aztertzeko.

Gainera, bihar arratsaldeko 19.00etarako elkarretaratzea deitu du, Ensantxe plazan. Udaleko Berdintasun Batzordean parte hartzen duten erakundeek eta «batzorde horretan parte hartu ez arren emakume eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten dutenek» ere deitu dute mobilizazioa.