INFO

Rifeko protesten urteurrenean krisiak bere horretan dirau

2016ko urriaren 28an Mouhcine Fikri taxi gidari eta arrain saltzailea zabor kamioi batek zanpatuta hil zen. Oraindik argitu ez den kasua da. Argi dagoen bakarra, gertakari honek Mohamed VI.aren erreinuan azken hamarkadetan izan den krisi larriena sortu zuela da.


Bideo hartan entzun nituen garrasiek eta ondoren Fikriren gorpua kamioian bertan ikusteak goragalea sortu zidaten. Ez bakarrik goragale fisikoa, baita bizi-goragale moduko bat ere», dio M.S. (segurtasunagatik bere izena ez jartzea eskatu du) Al-Hoceimako herritarrak. «Segituan irten nintzen kalera. Ez nion beste inori deitu, ez lagunei, ezta senideei ere. Senak eskatu zidan berehala kalera irtetea. Bideoa segituan igo zuen norbaitek Interneten eta bolbora bezala zabaldu zen minutu gutxian Whatsapp eta Facebookeko taldeetan», gehitu du M.S.k. Gaur egun M.S. Madrilen bizi da. Erbesteratuta, bere emaztea ekarri nahian dabil 2017ko maiatzean bere sorterria den Imzouren utzi behar izan zuenetik. «Nire emaztearen aurka egingo ote duten beldur naiz. Ia egunero hitz egiten dut berarekin eta egoera larria da bertan geratu direnentzat», dio dardarti telefonoaren beste aldean.

Urriaren 28 hartan gertatutakoa bertatik bertara ikusi zutenen bertsioa berbera da ia kasu guztietan. Ezpata arraina zeraman bere herrira Fikrik (ia 500 kilo). Arrain hori ezin da urria eta azaro bitartean arrantzatu; hortaz, salerosketa ere galarazita dago. Dirudienez, poliziak portu irteeran geratzeko esan zion Fikriri eta bertan atzeman zioten debekatutako arraina. Portuko poliziak, inguruan zeuden arrantzale eta saltzaile guztiei eskarmentua emateko, 500 kilo ezpata arrain zabor kamioira bota zituen eta zanpatzeko makineria martxan jartzeko agindua eman zion gidariari. Orduan Fikri kamioi gainera igo eta nekez aurreratutako diruarekin erositako merkantzia berreskuratzen saiatu zen. Ez zuen inork zanpagailua geratu, ordea, eta Fikri, bertan pilatu ziren guztien aurrean hil zen oihu izugarrien artean.

Poliziak dioenez makina ezin izan zuten geldiarazi, baina, lekukoen arabera, gidariari ez geratzeko esan zion portuko komisario batek. Naiz eta jendea kamioira gerturatzen saiatu harrapatuta zegoen Fikriri laguntzeko, poliziek ez zieten utzi eta indarkeria ere erabili zutela salatu dute lekukoek. Marokon kalean bideoak grabatzea debekatuta dagoen arren, norbaitek sakelako telefonoarekin lortu zuen eszena izugarri hura Internetera igotzea. Oraindik ez dute inor atxilotu ekintza horrengatik; bakar-bakarrik komisario bat kargutik apartatu dute.

Matxinada berri baten hasiera

Fikriren heriotzak aspaldidanik Rifen dagoen ondoeza astindu zuen, eta, ondorioz, matxinada baketsu bat hasi zen Al-Hoceimako kaleetan. Majzen-ak (dena kontrolpean nahi duen ezkutuko gobernua izendatzeko hitz herrikoia) ondo daki Rifen berehala hedatzen dela horrelakoetan sua, eta segituan hartu zituen neurriak hori ekiditeko. Lehen aipatu bezala komisarioa kargutik kendu zuten, eta, Gobernuko txostenek esan bezala, «beste nonbaitera eraman» dute. Fikriren familiari ere (Imzourengo familia behartsu bat), dirua eskaini omen diote; batzuen esanetan, onartu ere egin dute. Hori dela eta, ez dute kanpoko medioekin hitz egiten, ezta bertakoekin ere. GARAk 2016tik gaurdaino lau saiakera egin ditu familia elkarrizketatzeko baina erantzuna ezezkoa izan da beti.

Familia isildu bazen ere, kaleak borborka jarri ziren eta majzen-ak horrenbeste beldur zion protesten hedapenari ezin izan zion aurre egin. Jendea Al-Hoceimako plazan biltzen hasi zen gertakaria jazo eta hurrengo ia egun guztietan. Mikrofono irekiaren sistemaz baliatuz (Estatu espainiarrean M15 deituriko taldeak egin zuen bezala), ekintzaile batzuek herritarrei luzatu zieten euren kexak adierazteko aukera. Tartean Nasser Zafzafi deituriko 38 urteko gizon bat zegoen, ordura arte inork gutxik ezagutzen zuena. Protesta egunak aste bihurtu ziren eta Zafzafi herritarren haserrearen ondorio ziren protesten aurpegi ezagunena bilakatu zen. Bere inguruan Nabil Nahamjik eta Reda Benzaza ekintzaileak zebiltzan (lehena atxilotuta eta gose greban dago, bigarrena Estatu espainiarrean babes hartuta). Ustekabean sortu zen protesta mugimenduari Hirak Rif izena jarri zioten (Rifeko Mugimendu Popularra) eta inguruko herrietara hedatu zen. Nador, Imzouren eta beste herri txiki askotan poliza etxeen eta Rabateko gobernu ordezkaritzen aurrean biltzen hasi ziren. Rifen gobernuaren inbertsioak, ospitale berri bat, bereber kultura errespetatzea... eskatzen hasi ziren kaleetan. 1984tik gaurdaino ez da horrelako mugimendurik egon bertan, 2011ko hilketak salbu (hiru gazte bereber kutxazain batean erreta agertu ziren eta jendeak Poliziari egotzi zion errua).

Rif beti izan da lurralde gatazkatsu bat bere interesak bertan kokatu dituenarentzat. Historialariek antzinatik kanpo indarrek ez dituztela bereberrak menderatu diote. XX. mendean Estatu espainolaren kolonia bilakatu zen, baina erresistentzia sutsua izan zuten aurrean Madrileko inperialistek. Garai hartan Abdelkrim el Jattabi deituriko buruzagi bat agertu zen kolonialismo espainiar bortitzari aurre egiten. Bere tribu eta ingurukoen babesa zuen Abdelkrimek, eta gutxietsi zituen armada espainiarra jipoitu zuten Annualen 1921ean. Epe labur batez Rifeko Errepublika Popularra ere sortu zuten. Halere, jasotako porrotak Sanjurjo jeneralak Al-Hoceima hirira itsas armada bidaltzea ekarri zuen eta matxinada herrikoia erabat zanpatu zuen. Militarki garaipena lortu bazuen ere, kanpotarrarekiko gorrotoa areagotu egin zen. Abdelkrim erbestera bidali zuten, baina Rifeko berbereek ez zuten espainiarren presentzia onartu, ezta ondoren frantziarrena edo egun marokoarrena. «Identitate desberdinak ditugu berbereok eta arabiarrek. Bai gure itxura bai gure hizkuntza eta pentsatzeko modua ere oso bestelakoak dira», dio Al-Hoceiman jaio eta Estatu espainiarrean bizi den Milouda Elhankarik.

Zafzafi herriaren bozeramaile

Berebere askok Nasser Zafzafirengan Rifeko errepublika sortu zuen Abdelkrimen irudia ikusten dute, bera buru delarik herri zanpatu bat boteretsuen aurrean mobilizatzen duen liderra hain zuzen ere. Halere, GARAk orain dela hilabete batzuk eginiko elkarrizketa batean aditzera eman zuen bezala, paper hori ekidin nahi du: «Ni ez naiz inoren lider izateko jaio. Herriaren egonezinaren bozeramaile xume bat besterik ez naiz. Herriak esandakoa islatzen dut protestetan ozen hitz eginda.» Hala eta guztiz ere, proteston hasieran, jendeak biziki jarraitzen zuen berak esandakoa. Facebookeko zuzeneko emisioetan emandako hitzaldiek 20.000 lagun baina gehiago biltzen zituzten. Kontuan hartuta erriferaz hitz egiten zuela eta Marokon gutxiengo batek duela etxean edo sakelakoan horrelako bideoak zuzenean ikusteko aukera, zifra harrigarria da. Kalean modu inprobisatuan bozgorailua hartuta protesta egiten zuen bakoitzean ere ehunka ziren adi-adi izaten zituen pertsonak. Horrek majzen-aren gorrotoa piztu zuen (herriak hogra hitza erabiltzen du gorroto hori izendatzeko), eta Nadoren Zafzafi hiltzen saiatu ziren kalean protestan ari zela. Zafzafiri berbere herriak zion estimua areagotzea ekarri zuen horrek eta Marokoko ministro askoren ahotan ere agertzen zen.

Maiatzaren 20an Al-Hoceima erdialdeko meskita batean protesta egin ondoren, Zafzafi atxilotzeko agindua eman zuen Barne ministerioak. Askoren ustez, aldiz, Zafzafi majzen-aren tranpa batean erori zen. «Ramadanaren hasiera zen Zafzafi atxilotu zutenean. Gerora jakin dugu Barne ministerioak eta fiskaltzak estatu marokoarreko iman garrantzitsuenei eskutitz bat helarazi ziela. Bertan ziotenez, Zafzafi Jainkoaren aurka hitz egiten ari zen eta hura geldiarazi beharra zegoen nola edo ala. Errezoaren ondoren haren aurkako hitzaldiak egiteko gonbita luzatzen zuten Maroko, Jainkoa eta Erregearen mesedetan. Zafzafiren aita Al-Hoceimako meskita batean zegoen imana bere semearen aurkako akusazio larriak jaurtitzen hasi zenean. Semeari deitu zion, bertan zeuden beste askok bezala. Segituan agertu zen meskita hartan bere aurka jaurti ziren irainak garbitzeko ideiarekin. Jendeak ez zuen alde egin bera sartzen ikusi zuenean, guztiz kontrakoa gertatu zen; jende gehiago sartu zen barrura. Bukatu ondoren alde egin zuen eta majzen-ak biolentzia goraipatzea, istiluak sortzea eta ostiraleko errezoa moztea egotzi zion. Bertan egon zirenak badakite ez zela horrela izan», dio Milouda Elhankarik. Lehenago ez bezala klandestinitatera jo behar izan zuen Zafzafik. Handik gutxira atxilotu zuten, azken urteotan Rifen egon den polizia operaziorik handienetako baten ondoren. Bere atzetik etorri ziren beste 2.000 aktibista eta kazetari baino gehiagoren atxiloketak. Egun, 2.000 atxilotuetatik 200 baino gehiagok kartzelan jarraitzen dute oraindik ere.

Europan mobilizazioak

Rotterdam, Madril, Brusela, Paris eta Bilbo bezalako hirietan mobilizazioak izan ziren urriaren 28an, Marokoren errepresioa salatzeko. Mouhcine Fikriren heriotzaren urteurrena gogoratuz, Rabati «preso politikoen askapena eta Rifen desmilitarizazioa» eskatu zioten milaka lagunek. Bilboko manifestaldian 500 bat manifestarik parte hartu zuten, tartean euskaldun asko. “Botere marokoarra, botere hiltzailea”, “Herriak preso politikoen askatasuna nahi du”, “Kontuz Majzen” eta “Rif batua sekula ez garaitua” bezalako leloekin Arriaga antzokitik Marokok Bilbon duen kontsulatuaren aurrera joan zen manifestaldia. Bukatu baino lehen Frantziaren kontsulatutik ere pasa ziren.

«Beti izan du Frantziaren babesa majzen-ak eta horren aurka ere protesta egin nahi genuen», dio Bilbon bizi den Hafid Amazianek, Hirak mugimendua laguntzeko komiteko kidea. Berak esan bezala, «Hirak herriaren borondatetik irten zen, ez zegoen lehenagotik antolatutako ezer. Talde politiko eta erlijioso asko sartu badira ere, ez dute ezer lortu, euren interesei begira bakarrik daudelako. Zafzafi bezalako pertsonak mugimenduaren aurpegi publikoa dira, baina beraiek ez dira Hirak. Aldarrikapen sozial eta politiko apartidistak izan ditu helburu hasieratik Hirak-ek. Aldaketa horiek aldarrikatzeagatik espetxeratu dituzte aktibistak, eta Gobernuak gustuko ez zituen kazetariak ere atxilotu ditu taldeko bozeramaile izatea leporatuta. Sekulako zigor eskariak dituzte, gainera. Adibidez, fiskalak Zafzafiri heriotza zigorra ezarri nahi dio, astakeria da hori! Preso politiko asko gose greba mugagabean daude eta beraien bizitza arriskuan da. Europak ezin du beste alde batera begiratu». «Europako protestek, ordea, jendearen begirada eta gaiarekiko jakin mina areagotuko dutela uste dugu», amaitu du Hafid Amazianek.

 

Mohamed VI.aren eta Marokoren azken urteetako krisirik larriena

Rifeko krisia Mohamed VI.ak bere erreinaldian izan duen larriena da. Manifestaldietan aspaldi ikusi ez ziren Rifeko Errepublikako banderak ikusten hasi ziren orain hilabeteak. Baita Abdelkrimen irudiak ere. Hortaz jabetuta Rabaten erantzuna berez oso militarizatua zegoen lurraldea are gehiago militarizatzea izan da. Erantzun gisa egindako manifestaldietan gutxienez hildako bat egon da, Imad El Attabi, 24 urteko gaztea; kaleko istiluetan parte hartzen ari zela gomazko bala batek buruan jo zuen. Bere hiletara inguruko herrietatik milaka lagun oinez joan ziren protesta gisa. Poliziak, Internet eta telefono lineak eta errepideak eten eta kazetariak kanporatu zituen. Nazioartean izandako oihartzuna ikusita erregeak hiru ministro kargutik kendu zituen urriaren 25ean: Mohamed Hassad (Hezkuntza), Mohamed Nabil Benabdellah (Etxebizitza) eta Houcine el Ouardi (Osasuna). Rabatek ondo daki aldarrikapen sozialen aldeko mugimenduak segituan errege etxearen aurkako bihurtzen direla, eta guztiak era odoltsuan zanpatu izan ditu. Lehenago, egungo erregearen aitak, Hassan II.ak, ia 2.000 pertsona hil eta desagerrarazi zituen 1958ko istiluetan eta beste horrenbeste atxilotu zituen 80ko hamarkadan Al-Hoceiman izandako mobilizazioen ondoren. Horietako asko sekula ez da jakin non atxilotu zituzten eta askorentzat «desagertuak» dira.A.L.