INFO

Terrorismoa goratu izana ukatu dute Entzutegi Nazionalak deituta deklaratu duten 11 nafarrek

Barañaingo bederatzi bizilagunek eta Etxauriko bik, Idoia Aritzala alkateak tarteko, jaietako ekimen desberdinetan «terrorismoa goratzea» leporatuta deklaratu behar izan dute. Karguak ez dituzte onartu eta dispertsio politikaren salaketa egin zutela azpimarratu dute. Gaurko saioan agertu ez den Fiskaltzak erabaki beharko du ea aurrera jarraitzen duen salaketarekin.

Etxauriko alkate Idoia Aritzala Adolfo Araiz parlamentariarekin, auzitegira sartu aurretik. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

11 nafarrek deklaratu dute gaur, espainiar Entzutegi Nazionalak deituta, Barañain eta Etxauriko jaietako ekimen desberdinetan «terrorismoa goratzea» leporatuta. Deklarazioa Iruñeko epaitegietatik egin dute, bideokonferentzia bidez.

Epailearen galderei erantzun diete eta bertan «elkartasun ekimenak» izan zirela azaldu dute. Terrorismoaren gorazarrerik egin izana ukatu dute eta ekimen hauek «dispertsio politikaren salaketa» bat izan zirela azpimarratu.

Fiskaltza ez da galdeketan agertu. Orain epaileak deklarazioa igorri beharko dio eta honek erabaki beharko du salaketarekin aurrera jarraitzen duen edo ez.

Auzitegiaren atarian, EH Bilduko bozeramaile den Adolfo Araizek «adierazpen askatasunaren kontrako eraso» bezala kokatu du prozesu judizial hau. «Entzutegi Nazionala tribunal erabat politikoa da. Ikusi dugu historian zehar eta orain ere zeren kontra ari den».