INFO

2030erako taxi guztiak elektrikoak izango direla dio Udalak

Udalak sei taxi elektriko berri aurkeztu ditu. Une honetan, hiriko 774 taxietatik 8 elektrikoak dira. Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, 2030erako taxi guztiak elektrikoak izatea bultzatuko dute.

Udaleko ordezkariak taxi berrien aurkezpenean. (Bilboko Udala)

Gaur aurkeztu dira taxi elektrikoen sei unitate berri Bilbon. Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasunaren Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzaileak adierazi dunez «unitate hauek zirkulatzen hastea beste urrats bat da gure hiriko airearen kalitatea hobetzeko eta kutsadura akustikoa, negutegi efektuko gasen isurketa murrizteko eta energia gutxiago kontsumitzeko».

Sei ibilgailu berriak Hyundai Ionic modelokoak dira eta 260 kilometroko autonomia daukate. Ibilgailuek arin kargatzeko puntu bat edukiko dute Begoña auzoan eta, gainera, gidariek Energiaren Euskal Erakundearen sustapen bat izango dute, 2018ko azarorarte egunero doako karga bat izango baitute.

Ekainean, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak informaziorako jardunaldi batean aurkeztu zituen autotaxi modura erabiltzeko ibilgailu elektriko berriak eskuratzeko diru-laguntzak, eta taxi arruntaren ordez elektrikoa eskuratu duen profesional bakoitzari 10.000 euroko diru-laguntza eman zaio.

Proiektu honetan 110.000 euro erabili dira eta laguntzak jasotzeko aurkeztu diren sei eskariak baimendu dira. Datorren urtean taxi modura erabiltzeko ibilgailu elektriko berriak erosteko beste deialdi bat egingo dela aurreikusten da, eta aurrekontu berdina erabiliko da. Une honetan Bilbon dauden 774 taxietatik bi elektrikoak dira -gaur sei berri aurkeztu dituzte-; batek taxi-lizentzia dauka eta bestea ordezko taxia da taxisten elkarte batentzat.