Berhokoirigoin: «Orain arte aldebakarrekoa izan da bidea, orain Frantziak behar du jokoan sartu»
Mont de Marsaneko espetxean abiatu da hurrengo asteetan 20 kartzela zeharkatuko dituen espetxe bira. Bertan, Mixel Berhokoirigoin bakegileak orain arteko bidea nabarmendu du eta hau aldebakarrekoa izan dela, «bururaino, ordea, ezin da unilateralki egin ahal» azpimarratu du Frantziako Gobernuari «jokoan sartzeko» deia eginez, «urtea amaitzerako urrats garrantzitsuak» izan beharko liratekela adierazi du.
Aiete, Luhuso, Baiona eta Paris. Lau hitz horietan laburtu du Mixel Berhokoirigoin bakegileak orain arte egindako bidea; Donostiako bake konferentzia, Luhusoko polizia operazioa eta apirileko ETAren armagabetzea aipatuta Parisen tamaina bereko hitzordu berria izan behar dela zehaztu du. Urrats horiek guztiak aldebakarrekoak izan direla nabarmendu du baina, «orain presoak» leloari helduta, estatuek esku hartzeko unea iritsi dela. «Bide guztia ezin da unilateralki egin ahal», esan du Berhokoirigoinek, «estatuek, eta bereziki Frantziak, behar du jokoan sartu».
Berhokoirigoinek lau hutzetan laburtu du azken saioko bake bidea: Aiete, Luhuso, Baiona... eta orain Paris #espetxebira pic.twitter.com/nKsVVQCaWX
— Ion Telleria Barrena (@iontelleria) 2017(e)ko azaroak 16
Zazpi euskal presori DPS estatusa kendu izana eta Frantziako Gobernuarekin irekitako interlokuzioa aipagai, bide hori indartzeko espetxe birak berak eta Pariseko abenduaren 9ko hitzorduak duten garrantzia azpimarratu ditu bakegileak; «gaurtik hasi eta urtea amaitzerako urrats garrantzitsuak» izan beharko liratekeela nabarmendu du.
Bere ondoren Emilie Martin Bagoazeko kideak hartu du hitza, Frantzian preso diren euskal herritarren egoeraren berri emanez eta bereziki larriki gaixo direnena. Egoera salatzeko helburuz ekingo diote gaurtik aurrera birari, arratsaldean Lannemezango espetxean izango dira, eta bide horretan lekuan lekuko espetxe gaietarako arduradunekin ere bilerak egingo dituzte.
Vincent Bru diputatuak zuzenean landu ahal izan du gaur euskal presoen egoera Mont de Marsaneko espetxeko arduradunekin, bertako zuzendariarekin eta honen albokoarekin bilera egin baitu. «Harrera oso ona» izan duela adierazi du, eskatutakoekiko interesa erakutsi dutela azpimarratuz. Espetxean 50 bat gizonezko presorentzat lekua badagoela adierazi diotela esan du kartzela atarian egindako agerraldian, beraz Frantzian diren ia euskal preso guztientzat lekua izango litzatekeela nabarmendu du berak. Gainera, Frantziako Asanblea Nazionaleko gainerako diputatuei gaiaz mezua igorri diela aurreratu du eta abenduaren 9an Parisen izango den hitzordura batzeko deia egin diela. Gaur espetxe atarian zen Landetako En Marche alderdiko diputatu bat, Fabien Laine.
Ordu eta aldi berean espetxezainen sindikatuekin bildu dira Euskal Herritik joan diren LAB, CFDT eta CGT sindikatuetako ordezkariak. Bilera ostean, Eñaut Aramendi LABeko ordezkariak baieztatu du badela lekua espetxean euskal presoak bertan hartzeko eta espetxezainek hasieran kezka agertu badute ere, EPPKko kide guztiak elkarrekin egoteko aukeraz, kolektibo gisa jarduteak berak ere interlokuzioa erraztu dezakeela nabarmendu dutela adierazi du.
Espetxezainek ere teknikoki Frantziako espetxeetan diren euskal preso guztiak bertan hartzeko aukera badagoela, elkartzearen aukera-arriskuez esan dietena Eñaut Aramendik (LAB) : pic.twitter.com/bQObhYnMdh
— Ion Telleria Barrena (@iontelleria) 2017(e)ko azaroak 16
Ordezkaritza zabala
Alderdi, eragile eta hautetsi ugari batu da Etxeratek, Sarek eta Bagoazek abiatu duten expetxe bira honetara. Igor Arroyo eta Eñaut Aramendi LABeko ordezkariak, Eneko Aldana eta Iker Elizalde EH Baiko Ziburu eta Hendaiako hautetsiak, Aitzina eta Ernai gazte antolakundeetako ordezkari ugari, Sortuko Arkaitz Rodriguez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto eta Jean François Lefort; Peio Ospital Atxiki Berrituz elkarteko kidea, Mixel Larralde CFDTko ordezkaria, Etxerateko Nahike Diez eta Urtzi Errazkin eta Anaiz Funosas, Bakebidea. Baionako autobusean heldu dira, gainera, eragile horietako ordezkariekin batera Lucien Betbeder Ipar Euskal Herriko auzapezen biltzarreko lehendakaria, Alice Leiciagezahar berdeetako kontseilari Akitania Berrian eta Silvianne Alaux PS-eko diputatu ohia, besteak beste. Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatua ere espetxe atarian batu da martxara, Europako Parlamentuan onartutako erresoluzioaren garrantzia azpimarratu du:
El eurodiputado Josu Juaristi recuerda la resolución del pleno del Parlamento europeo sobre el alejamiento de presos y libertad presos enfermos #toursprisons pic.twitter.com/7pb7nbm1k2
— Ion Telleria Barrena (@iontelleria) 2017(e)ko azaroak 16
Ordezkari talde zabal horren artean, Mont de Marsanen den euskal preso bakarraren aita, Jose Javier Oses semearekin goizean izan du hitz egiteko aukera honek, «gutxienekoa da denak hemen izatea», esan dio:
El navarro Jose Javier Oses es el único preso vasco en Mont de Marsan, su padre ha hablado con él esta mañana "lo mínimo es que estén todos aquí" #toursprisons pic.twitter.com/VK4G2A34Nk
— Ion Telleria Barrena (@iontelleria) 2017(e)ko azaroak 16
Belen Gonzalez Peñalbaren heriotza
Baionako hitzordura lehen orduan iritsi direnek bertan izan dute, gainera, Belen Gonzalez Peñalba presoaren heriotzaren berri. Espetxe atarian, presoek egun bizi duten egoerak sufrimendua besterik ez duela sortzen salatu du Arkaitz Rodriguezek Sorturen izenean.
Arkaitz Rodriguezek (Sortu) Belen Gonzalez Peñalba gogoan #espetxebira pic.twitter.com/wWhBEr3XCX
— Ion Telleria Barrena (@iontelleria) 2017(e)ko azaroak 16
Gaurko bigarren hitzordua Lannemezango espetxean izango da eta hortik aurrera 4.000 km, 24 egun, 20 espetxe eta 8 hiri aurretik Parisera iritsi bitartean.