INFO

Altuna-Martijak lehen puntua lortu dute partida hotz batean (16-22)

Lau eta Erdiko azken txapeldunak gehiago eta hobeto lagundu dio bere atzelariari une txarretan eta merezitako garaipena lortu dute Aspekoek.

Urrutikoetxea, Labriteko partidaren une batean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Aurreko igandean Lau eta Erdiko final ikaragarri bat eskaini ostean, berriz neurtu dituzte indarrak Jokin Altunak eta Mikel Urrutikoetxeak, gaurkoan binaka eta gaur ere garaipena amezketarrak lortu du, hori bai, Bilbokoaren antipodetan egon den partida batean. Gauza politak ikusterik izan den arren, oso partida hotza izan da gaurkoa normalean oso bero egoten den Labrit pilotalekuan.

Hasiera hasieratik aurreratu dira Aspekoak markagailuan. Bi atzelarientzat konpromiso askoko partida zen gaurkoa eta nabaritu zaie lehia hasieran. Baraibarkoak egindako hiru hutsei esker 1-5 aurreratu dira Altuna III.a-Martija, baina Etxeberriko atzelari gazteari ere kosta egin zaio partidan sartzea eta gauzak orekatzea lortu du Urutikoetxeak (4-5).

Hala ere, partidaren denborak Jokin Altunak eraman ditu, atzelariari lan zikina egiteaz gain, errematean ere ondo asmatu du eta berriro ere alde egin dute markagailuan, oraingo honetan betirako gainera. Izan ere, Martijak partidan sartzea lortu duen bitartean, Asegarcekoek sekula ez dute euren garaipenean sinistu, nahiz eta azken aldera markagailua zertxobait txukundu duten.