INFO

Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxea, indarkeria matxistaren behatoki

Azaroaren 25a eta beste egun asko ezagutu ditu Argitan Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxeak. Bertan indarkeriaren aurpegi guztiak ezagutu dituzten milaka emakumeri esan diete zer eskatzeko eskubidea duten, laguntza nola jaso dezaketen. Eta bidegabekeria bakoitzarekin kalera irten dira eskubideak aldarrikatzeko.


Hogei urte asko dira, eta urteek ez dituzte soilik buruak zuriz tindatzen, barrenak edukiz eta esperientziaz ere betetzen dituzte. Argitan zentroaren kasuan, milaka emakumeren bizipenez bete da urte luze bezain biziotan. Feminismoan errotutako herri ekimenak sostengatzen duen zentroak esku artean dituen datuen arabera, sei mila emakume baino gehiago artatu dituzte azken hogei urteotan.

Zenbatezina da, hala ere, trantze oso delikatuetan eskainitako laguntza zenbat emakumeren aterpe izan den. Non entzungo zieten emakume horiei Argitanen ez bazen? Non erakutsi diete zeintzuk diren bideak, zeintzuk eskubideak? Aholkularitza lana estrategikoa izanik, Barakaldoko bulego txikian, laguntza, enpatia, ulertuak izateko aukera aurkitu dute guztiek, eta izugarri eskertzen den mikroklima bat, epaitua ez izatearen giro epela. «Hemen plano berdinean gaude datorren emakumea eta gu, eta hori ez da beti gertatzen», azaldu du Karmele Andres zentroan lan egiten duen emakumeetako batek. Beste asko ere badira, guztiak boluntarioak.

Argitan, berez, ez da babes zerbitzu bat izan. Zehazten dutenez, asmoa beti izan da aholkua ematea, egoera bati edo besteari aurre egiteko bideak erakustea, emakumeei dituzten eskubideak jakinaraztea. Informazio hori eskuetan emakumeek beraiek zer egin nahi zuten era autonomoan erabakitzea izan da beti helburua, emakumeak bidea egiteko ahalduntzea.

Gauzak horrela, Argitanen mahaitik indarkeria matxistaren aurpegi guztiak pasatu dira. Urteekin egoerak aldatu dira, baina ez egoeron erroak. Egun, «indarkeria ekonomikoa» dago nagusienen artean, «zerikusi handia duena instituzioekin eta lan munduarekin, Lanbidek emakumeak tratatzeko duen moduarekin, praktika txarrekin... Hori ere bada indarkeria».

Muturrean, diotenez, indarkeria matxista dago, eta, muturreko indarkeria horren testuinguruan, azken boladan azaltzen ari diren haurren aurkako indarkeria kasuek kezka eragiten dute Argitanen. «Prebentzio lan handia egin behar da, eskolatik bertatik hasita, guraso elkarteekin, kultur etxeekin..».

Beste ñabardura bat egiten dute behatoki horretatik ikusten duten eszenaren deskribapenean; indarkeria basatia erraz ikusten da, mundu guztiak aitortu eta salatzen du, baina indarkeriak aurpegi asko ditu, batzuk ez hain agerikoak. Salaketa faltsuen mamuaz ere datu bat aipatzen dute: «Fiskaltzak onartu du 2016an ez zela salaketa faltsurik egon». Hizketaldian Irunen lotuta agertutako emakumearen kasua azaleratu da. «Emakume horren bizitzan arakatuz gero, ia seguru arazoaren zati bat generokoa, sexista dela», nabarmendu dute.

Kasu askotan, diotenez, eraso bat salatzeko mobilizazioa deitzea asko kostatzen da gertatutakoa zehatz-mehatz jakin arte. «Baina, zer jakin behar da emakume bati goizaldean eraso egin badiote?», planteatzen dute.

Itzul gaitezen denboran 21 urte atzera, jaiotzear zen zentroaren kontzepzio unera, garaiko testuingurua ezagutzeko. Garai hartan Barakaldon hainbat emakume talde zeuden, baita sindikatu eta alderdi politikoetako emakumeen adarretako kideekin osatutako koordinakunde bat. Zehazki, Herri Batasuna, Ezker Batua, CCOO eta LABeko kideak eta Ilargia emakume taldekoak ziren nagusi koordinakundean. «Baliabide falta salatzen genuen, eta indarkeria matxistaren aurkako neurrien beharra aldarrikatzen genuen. Une hartan hasi ginen ikusten oso garrantzitsua zela Diputazioaren finantziazioarekin udaletxean sortu zen informazio puntua», gogoratu dute.

Puntu hartan abokatu feminista bat eta administrari bat aritzen ziren. Zerbitzua hiru urtez izan zen martxan, 1986tik 1989ra, emakumeen arazo espezifikoak artatzea helburu. Kontuan hartu behar da, garai hartan, Dibortzioaren Legea indarrean sartzearekin batera, egoera berriak sortu zirela, ordura arte ematen ez ziren errealitate eta beharrak. «Garai hartako emakumeek bazuten ziri moduko bat guztiz iltzatuta: ‘nire senarrak ez dit utziko, seme-alabak kenduko dizkit’... Lege eta eskubide berriekin frankismotik zetozen egoera horiek agertzen hasi ziren, ordura arte emakumeek ez zuten-eta inolako babesik», azaldu duten.

Udaletxean jarritako informazio puntu hori 1989an kendu zutenean, zerbitzua berreskuratzearen aldeko borroka abiatu zuen emakumeen koordinakundeak, herri ekimenak berak informazio puntu bat sortzea erabaki zuen arte. Koordinakundean bertan abokatuak, psikologoak... zeuden, eta hortik abiatuta urrats bat emateko aukera ikusi zuten. Punto Integral izena jarri zioten laguntza juridikoa eta psikologikoa emateko guneari. Laguntza juridikoaren beharra argia zen, kasu gehienetan emakumeek ez baitzuten laguntza psikologiko edo medikurik behar, baizik eta orientazioa. «Matxismoa hain zen indartsua 60 urtetik gorako emakumeen belaunaldi horietan... Erabakitzeko eskubidea bazutela ikustean, askotan 20 eta 25 urtez etxean bertan tratu txarrak jaso ondoren, izugarria izan zela erantzuna. Argi ikusi genuen informazio puntua oso garrantzitsua zela egoera horiei irtenbidea emateko», gogoratu dute.

Lehenengo gune hori auzo elkarte batek utzitako lokalean zabaldu zuten 1996an, eta berehala jaio zen herri ekimenak kudeatutako zentroa, Argitan izen propioarekin. «Politikoki ‘Babelgo dorre’ bat gara, baina politika egin egiten dugu», dio Karmelek. Nabarmentzen duenez, ideia politiko askotako emakumeak daude Argitanen, guztiak feministak.

Hasieratik argi zuten zentroak salaketa puntu bat izan behar zuela. Baina ez ziren salaketa hutsean geratu, praktikan jarri zuten Administrazioa egiteko gai izen ez zena. «Arreta ematen dugu arreta falta salatzeko, eta hori hogei urtez mantendu dugu. Baina jarraitzen dugu esaten Administrazioak egin beharko lukeela hau guztia, nahiz eta horma gogor baten kontra jo», planteatzen dute.

Batzuetan euria hezurretaraino bertaraino sartzen da. Bada, horrelako zerbait gertatu da Argitanekin hainbatetan, adibidez urteetan antolatu izan duen autodefentsa feministako ikastaroarekin. Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren karietara antolatu ohi zuten tailerra orain Barakaldoko Udalak antolatzen du, auziaren inguruan zeozer gehiago egin zezakeela uste badute ere Argitaneko kideek.

Argitanen bi arreta mota eskaintzen dituzte, aholkularitza juridikoa eta psikologikoa. Herri mugimenduko kide diren profesionalak arduratzen dira bi zerbitzuez; arreta orduak euren artean banatu, norberaren bizitza antolatu eta mahaiaren bestaldean jartzen dira Argitan zentrora jotzen duten emakumeei laguntzeko. Emakumeek esateko dutena arretaz entzun ondoren, planteatzen dituzten beharrei aurre egiteko dituzten baliabideak azaltzen dizkiete.

«Asteazken arratsaldean abokatu bat dago hemen, arlo juridikoa jorratzeko, banaketak, tratu txarrak, indarkeria, salaketak...», azaldu dute. Eta zail egiten da ulertzea erakundeek beren gain hartzen ez duten arreta hori emakumeen herri ekimen baten esku egotea 20 urte luzez.

Barakaldoko San Juan kaleko 26. zenbakian Udalak utzi dien gunearen beraren tamaina ere bada adierazgarria. Instituzioen diskurtso hutsalen aurrean, baina, lokal txiki-txiki hori nahikoa izan da milaka emakumeri laguntza emateko. «Hona datozen emakume gehienak errekurtso gutxikoak dira, baina baliabideak dituzten emakume asko ere badatoz, beste lekurik ez dutelako», nabarmendu dute, errealitate gordina azalaraziz.

Itxura batean asko, praktikan...

Bizkaiko Diputazioaren Baliabideen Maparen arabera, Barakaldok badauka aholkularitza juridikoa emateko zerbitzua, baita arreta psikologikokoa ere. Baina, praktikan, korapilatsua da bidea. Ematen duten aholkularitza juridikoa jasotzeko telefono batera deitu behar da, eta bidea ez da erraza aholkatuko zaituen abokatu batekin hitz egitera heltzeko.

«Eta arreta psikologikoan instituzioek zer egiten dute? Programak». Ondo daude, onartzen dutenez, baina programa horiek ez dira finkoak, gehienak aldi baterako dira, hilabete bakarrerako kasu askotan, eta gero desagertu egiten dira; aldiz, emakumeen arazoak, ez. «Osakidetzak bere gain hartu beharko luke arlo hau, hori da gure aldarrikapena», zehaztu dute. Diotenez, eskualdeko osasun zentro askotan lortzen ari dira psikiatriako zerbitzuaz gain emakumeentzako arreta psikologikoa izatea, gizarte-langileak... Aldiz, askotan, Argitanera bideratzen dituzte emakumeak, ez direlako iristen.

Nahiko kaotikoa da berez sare publikoaren arreta maila, zentro batean bai eta ondokoan ez, eta gerta daiteke, diotenez, denbora baterako profesional bat kontratatzea eta gero profesionalak kontratatzeari uztea. «Diru murrizketak daudelako baliabideak kentzen hasten direnean, desagertzen den lehen baliabidea arreta psikologikoa da», salatu dute. Arlo horretan osasun publikoak duen politika orokorra honakoa ei da: «emakume asko dira, beraz, hobe medikatzea lasai gera daitezen etxean, baliuma hartuta».

Komentatu dutenez, osasun publikoa profesionalak arlo honetan hezten hasi da, baina bide luzea dago egiteko. Medikuari dibortziatzen ari dela esaten dion emakumea lasaigarri batekin irten daiteke kontsultatik. «Mediku batzuek bai, baina orokorrean ez dituzte arazook behar bezala artatzen, eta emakumeen aldetik oraindik tabuak ere badaude medikuaren aurrean», diote.

Kontatu dutenez, Argitan zentroko psikologoak orientatzaile lana egiten du. «Ez dugu terapia egiten ez daukagulako astirik eta ez dugulako nahi, hori instituzioek egin beharko lukete», aipatu du Karmele Andresek. Zentroan gehienez bizpahiru hitzordu eskaintzen dituzte, «zer gertatzen den jakin, emakumeak dituen beharrak identifikatu eta horien arabera emakumea eskura dituen baliabide publikoetara bideratzeko».

Zerrenda luzea

«Guk jarraitzen dugu nota hartzen, izenak apuntatzen, eta beti ikusten dugu arreta psikologikoa ezinbestekoa dela; umiliazioak lanean, jazarpen egoerak, familia barruko indarkeria, banatu eta senarrak etxean jarraitzea..», askoetariko egoerak ematen dira, nabarmentzen dutenez.

Barakaldoko zentroaren zutabeetako bat informazioa da, eta informazio hori etxe guztietara heltzea ezinbestekoa da. Hori da, beraien iritziz, instituzioek askotan ulertzen ez dutena. Zentroan postontzietako banaketaren sistema mantentzen dute, ahalik eta emakume gehienetara heltzeko. Etxe guztietara heltzen da Argitanen informazioa, «eta funtsezkoa da» Andresen esanetan. Nabarmentzen duenez, hori bada instituzioek egiten ez duten ahalegina, eta ez dute egiten ez gizarte-prestazioak azaltzeko ezta bestelako giza-baliabideak azaltzeko ere.

Andresek gaineratu duenez, aurten Barakaldoko Udalaren esku dagoen autodefentsa feminista tailerrarekin ikusi dute horrelako zerbait. «Guk antolatzen ez dugun lehen urtea da, eta ez dira publizitatea egiten ari. Zelan jakingo dute emakumeek autodefentsa tailer bat dagoela? Zelan emango dute izena horren publizitaterik egiten ez bada? Instituzioak erakunde itxiak dira eta gerri gutxi dute mugimendu feministak kaleak egin dezakeenaren ondoan», aipatu du.

«Gure esperientziak esaten digu horrelako tailerrak oso interesanteak direla belaunaldi ezberdinetako kideak elkartzen direnean. Baina bi antolatu dira eta bat emakume arloak antolatu du eta bestea gazteria arloak. Gure ikuspuntutik begiratuta, hanka sartze bat da», diote. Ez dute ulertzen, era berean, parte hartzeko aukera Barakaldoko emakumeei soilik ematea.

Horren harira, Andresek aipatu du egiaztatu dutela Aholku Etxea erakundeak heltzen ez diren eremuetara heltzen dela. «Gure mahai honek ez gaitu emakumeengandik urruntzen, berdintasun plano batean aritzen gara. Hemen argi esaten diegu ez diegula arazoa konponduko, ez diegula ezer lortuko: ‘zuk zeuk landu behar duzu aurrerantzekoa, gogorra da, hemen esango dizugu zeintzuk paper bete behar dituzun eta lagunduko dizugu betetzen behar baduzu, baina zuk joan behar duzu Lanbidera eta zuk egin behar duzu eskaera eta salaketa’».

Karmele, Susan, Aintzane, Cristina, Sara, Iris... Argitanen aterkia zabalik mantendu duten emakumeek ongi dakite azaroak 25 egun betetzen dituen bakoitzean kanpoan emakumeek zer giro duten.

Ostiraletan «gainezka», lan mundura dedikatuta

Argitanek ikusten duena kontatzen du eta ikusten duen horren arabera zehazten ditu bere aldarrikapenak. Bada, lan munduan ikusten ari direna kezkatzeko arrazoi dute, baita diru-sarrerak bermatzeko errenta bezalako prestazioetara heltzeko emakumeek aurkitzen dituzten zailtasunak. Hasteko, instituzioek eurek egin beharko luketen informazio eta aholkularitza lana emakume boluntario batzuen esku dagoela gogoratzen dute. Hain da handia lan pilaketa, ostiralero abokatu bat horretara dedikatzea erabaki zutela. Lanez gainezka daude.

Osasun arloan, arreta psikologikoa eremu publikoan ematearen beharra aldarrikatzen du Argitanek. Aldizkako azterketa ginekologikoen defentsan ere ibilbide luzea egin du desagertu zirenetik. Urteetan mobilizazioak bultzatu dituzte erakunde guztiek aholkatzen duten prebentzioaren izenean. Umetoki-minbizia prebenitzeko programa iragarri du Lakuako Osasun Sailak; Argitanen indarrean noiz jarriko den zain daude, emakume denek ez dute-eta osasungintza pribatura jotzeko aukera.