Reala esku hutsik itzuli da Madrildik, Griezmannek azken txanpan sartutako golaren erruz
Lehen ordu erdi ederra egin du Realak Atletico Madrilen zelaian, eta William Josek, penaltiz, abantaila eman dio. Hortik aurrera, aldiz, etxekoak nagusitu dira. Filipe Luisek egin du berdinketa eta Griezmannek sartu du garaipenaren gola 88. minutuan. Azkenean, 2-1 madrildarren alde.
Porrot berri bat jaso du Realak. Itxura benetan ona eman dute txuri-urdinek lehen ordu erdian, baina hortik aurrera Atleticok eraman du partidaren pisua. Zelai zaila zen bolada txarrari amaiera emateko, baina beharra gero eta handiagoa da, Europako postuetatik gehiegi urrundu nahiz ez baldin badute.
Aukera ugari izan dituzte Eusebioren jokalariek partidaren hasieran. Erabateko kontrola zuten zelaian, baina azken metroetan ez dute asmatu. Ordu erdia beteta, aldiz, Oblakek penaltia egin dio Oyarzabali, eta William Josek ez du hutsik egin 11 metroetatik.
Hor esnatu dira etxekoak. Baloia bereganatu dute eta berdinketaren bila abiatu dira. Hala ere, partida serioa egin dute donostiarrek eta gehiegi sufritu gabe eutsi dute lehen zatian.
Aldagletatik bueltan, baina, Atletico partidaren bila atera da. Rulli izan da txuri-urdinen onena, eta hori ez da seinale ona. Filipe Luisek 63. minutuan egin du berdinketa, baina etxekoak ez dira horrekin konformatu.
Bazirudien, atezain argentinarrari esker, Reala puntu bat ekarriko zuela Donostiara, baina 88 minutuan Griezmannek gola egin du eta esku hutsik hartu behar izan du autobusa talde txuri-urdinak.