INFO

Frankismoaren krimenak ofizioz ikertzeko eginbideak hasi ditu Bergarako epaitegi batek

1936tik 1977ra Elgetan gertatutako hamabi krimen eta 1980an jazotako bi atentaturengatik Udalak aurkeztutako kereila baten harira, ofizioz ikertzeko aurretiko eginbideak hasi ditu Bergarako epaitegi batek, lekukoak deklaratzera deituz.

Ezker eskuin, Aratz Estonba abokatua, Julia Monge, Iraitz Lazkano eta Janire Lazkano. (NAIZ)

Bergarako laugarren Instrukzio Auzitegiak frankismo garaiko krimenak ikertzeko bidea ireki izanak «izugarrizko garrantzia» duela nabarmendu dute Elgetako Udalak eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak.

Epaitegiaren erabakiaren berri emateko agerraldia eskaini dute Elgetako alkateak, Iraitz Lazkanok, Janire Lazkanok eta euskal plataformak kide den Intxorta 1937 elkarteko Julia Mongek.

Azaroaren 14ko data duen autoan, salatutako kasuetan «genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak» izan daitezkeela jasotzen du epaileak eta, hortaz, horiek ofizioz ikertzeko aurretiko eginbideak hasi ditu.

«Epailearen erabaki honek izugarrizko garrantzia du, frankismoaren biktimek urte askotan egindako justizia eskaerari erantzuna ematen baitio lehenengo aldiz», azpimarratu dute Udalak eta plataformak, adostutako adierazpen batean. «Honek, epaitegiaren Nazioarteko Zuzenbidearen Giza Eskubideen gaineko ezagutza, errespetua eta aplikazioa erakusten du», gaineratu dute.

Era berean, txalotu egin dute «biktimek eta erakundeek (Estatu espainiarrekoak nahiz nazioartekoak) behin eta berriz salatutako krimenen aurrean bestaldera begiratzen ez duten epaileak» egotea. Aurrerantzean Euskal Herriko eta Estatuko beste instantzia judizialek horrelako salaketen aurrean «ardura berdinarekin» jokatzea espero dute.

Egindako urratsarengatik babesa helarazi diote Bergarako epaitegiari eta baita biktima guztiei eta «egia, justizia eta erreparazioaren izenean frankismoaren krimenak azaleratzen lagundu diguten erakundeei». Alderdi, sindikatu, erakunde eta bestelako eragileei dei egin diete, mota honetako erabakiei atxikimendua adieraz dezaten. 

Elgetako Udalak urriaren 4an aurkeztutako kereilan, 1936ko uztailetik 1977ko ekainera herrian gertatutako krimenen testigantzak jaso dituzte eta baita 1980an gertatutako bi atentaturenak ere. Guztira, hamalau dira salatu dituzten kasuak: «bortxaketak, zibilen erailketak, lapurretak, atxiloketak, lan behartuetara derrigortutakoak...».

Udalak propio martxan jarri zuen bulego batean jaso zituzten lekukotasunak eta.

«Konpondu daitekeen akats batengatik», epaitegiak ez du oraindik kereila onartu, baina kasu horiek ofizioz ikertzeko aurretiko eginbideak hasi ditu, lekukoak deklaratzera deituz.

Iraitz Lazkano alkatearen arabera, Udalaren kereilan zegoen akatsa zuzendu dute eta datozen egunotan onartua izatea espero dute. 

Maria Servini epaile argentinarra egiten ari den ikerketan ere kereilari gisa aurkeztuta dago Elgetako Udala.