Mikel Barrios Estatu frantsesera estraditatzea onartu du Berlingo Auzitegi Gorenak
Berlingo Auzitegi Gorenak Mikel Barrios iruindarra Estatu frantsera estraditatzea onartu du, Euskal Herriaren Lagunak elkarteak jakinarazi duenez. Erabakia irmoa da.
Mikel Barrios iruindarra urriaren 27an atxilotu zuten Berlinen Iñigo Gulina burlatarrarekin batera eta biak espetxean daude ordutik.
Espaniar eta frantziar estatuek bi gazte nafarren aurkako euroagindu eskaerak egin zituzten eta orain Berlingo Auzitegi Gorenak Barrios Estatu frantsesera estraditatzeari argi berdea eman dio, Euskal Herriaren Lagunak elkarteak ohar batean jakinarazi duenez. Erabakia irmoa da, beraz datozen ordu edo egunotan utziko dute agintari frantsesen esku.
Talde horrek salatu duenez, erabaki horrekin «Alemaniako justizia-sistemak Espainiako eta Frantziako politika errepresiboekin bat egiten du». «Bi estatuek nahiago dute kartzelak betetzea, bake prozesuan aktiboki parte hartzea baino», erantsi du.
Barriosen eta Gulinaren estradizioen aurka antolatuko diren protesta ekintzetan parte hartzeko deia egin die «bakea eta demokraziaren alde lan egiten duten alemaniar talde guztiei».
Askatasuna aldarrikatzeko ekimenak
Bi nafarren espetxeratzea salatu eta haien askatasuna aldarrikatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteotan Berlinen. Hala, preso dauden Moabit espetxearen aurrean elkarretaratzea egin zuten azaroaren 19an eta Gulina eta Barriosen agur gutunak ere irakurri zituzten.
Hitzaldi informatiboak ere izan dira, eta joan zen larunbatean, Parisko manifestazioarekin batera, kontzentrazioa egin zuten frantziar enbaxadaren aurrean.
Heldu den larunbatean, berriz, The Clash Berlingo taberna ezagunean, Barrios eta Gulinaren aldeko elkartasun bazkari herrikoia egingo dute.