INFO

Ilusioz egin die Bilbok harrera Olentzero eta Mari Domingiri

Musikaz, argiz eta kolorez beteriko kalejira batean iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Bizkaiko hiriburura, zain zegoen jendetzaren gozamenerako.

Olentzero eta Mari Domingi, Arriaga plazan. (BILBOKO UDALA)

Eliptika plazatik abiatu ondoren, adin guztietako gaztetxoek mukuru betetako Kale Nagusian behera joan da Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, irribarre eta agurren artean. Plaza Biribila atzean utzita, Nafarroa kalea zeharkatu eta Arriaga Antzokira iritsi dira.

Urtero legez, urrezko Pottoka gainean iritsita Olentzero Bilbora eta Mari Domingik, bere aldetik, egurrezko Antzara gainean egin du bidea. Basajaunek, azkenik, egurrezko trizikloa erabibli du.

Haiekin batera, ezin baitzuen bestela izan, opariz betetako gurdi erraldoi bat eraman dute, bilbotar guztien artean etxerik etxe banatu beharrekoa.

Aurten gainera, Antzara ez da bakarrik etorri, familia hazi egin baita eta antzara kumeak atzetik izan baititu ibilbide osoan zehar.

Bilboko gaua argitzen joan diren Galtzagorriek, haurren azken eskarien zain, azken eskutitzak jasotzeko ardura izan dute.

Musika bandak ongi etorria egin die guztiei Arriaga plazan eta, ohi bezala, antzokiko balkoitik agurtu dituzte bertaratutako guztiak.

‘Horra Olentzero’ abestu dute gero, baina festa ez da han amaitu, Bilboko Udalak euskal abestiez osatutako kantaldia antolatu baitu Areatzako plazan. ‘Benta Zaharreko Mutil Alaiak’ taldeak ikuskizun ederra eskaini du. Taloak, gazta eta hainbat produktu dastatzeko aukera ere izan da, propio jarritako txosnan.