INFO

Ilusioa hedatu eta eskutitzak jaso dituzte Olentzero eta Mari Domingik

Euskal Herriko txoko guztietara heldu dira Olentzero eta Mari Domingi, txikienen artean ilusioa piztuz eta hauen eskariak jasoz.

Mari Domingi eta Olentzero, eskutitzak jasotzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Besteak beste, Iruñea, Gasteiz eta Donostian izan dira igande honetan Olentzero eta Mari Domingo, etxeko txikienen artean ilusioa piztuz eta hauek eskari guztiak jasoz.

San Ignazioko gaztaina-saltzailearekin eta bere guardiarekin batera iritsi dira Iruñera, eta desfilea egin dute Iturralde eta Suit kaletik hasita. Hiriburuko kale nagusienak gurutzatuta, udaletxean hartu dituzte, Pamplonesa banda eta Muthiko Alaiak abesbatza lagun izan dituztela.

Olentzero eta Mari Domingirekin batera, txistulariak eta txalapartak, Zubietako joaldunak, Oberena eta Muthiko Alaiak dantza taldeak, Oberena eta Muthiko Alaiak fanfarrea, Leitzako trikitilariak, Hizaldiko gaiteroak, Leitzako Kristina Saralegiren 235 animalia eta Egunsenti abesbatza izan dira udaletxean, EiTBren arabera.

Gasteizera, berriz, 400 lagunekin batera iritsi dira. 10.00etan hartu dituzte haurrak udaletxean, eta hiriburuko kaleetan ibili dira arratsaldeko orduetan; Iparralde gizarte etxetik hasita, Espainia plazan amaitu da desfilea. Ondoren, haien aldeko kanta abestu dute gasteiztar guztien artean.

Arratsaldean, 16.00ean, iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Donostiara, hainbat txotxongilo erraldoirekin batera. 18.30ean abiatu dute kalejira, Urgulletik jaitsita, eta udaletxerako bidea hartu dute. Haiekin batera izan dira bertan Gero Axular eta Eskola Dantza Taldea elkarteko kideak eta hainbat txotxongilo erraldoi, trikitilari lanetan; guztira, 500 pertsona bildu dira bertan.

Bilbora, berriz, atzo iritsi ziren eta gaur eskutitzak jasotzen eman dute goiza.