INFO

Tximinian piztutako sute batek baserri bat kiskali du Karrantzan

Karrantzako baserri bat ia erabat suntsituta gelditu da Karrantzan, tximiniaren konbustio txarrak eragin duen sutearen ondorioz. Sua itzaltzeko lanetan ari zen suhiltzaile bat ere zauritu egin da, Aldundiko suhiltzaileek eta Ertzaintzak jakinarazi dutenez.


Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, sua atzo piztu zen, arratsaleko 19.45ean Karrantzako (Bizkaia) La Tejera auzoko baserri batean. Bertako bizilagun bakarrak ez du inolako kalterik jasan, aipau iturriaren arabera.

Baserria bera, aldiz, ia guztiz kiskalita gelditu da, 21.00ak arte ez baitzuten lortu Balmaseda eta Uriosteko suhiltzaileek garrak kontrolpean hartzea. Sua itzaltzeko lanak gehiago luzatu zitzaizkien.

Itzaltze lanetan parte hartu zuen suhiltzaileetako bat zauritu egin zen, suhiltzaileek jakinarazi dutenez, baina ez dute honi buruzko xehetasun gehiagorik eman.

Sutea Ledesma kalean, Bilbon

Beste alde batetik, Bilbon beste sute bat izan da azken orduetan. Ledesma kaleko etxebizitza batean, koltxoi batek su hartu zuen eta ke-piloa eragin zuen nagusiki.

Sute hori ere atzo piztu zen, arratsaldeko 20.20 aldera. Gaueko 22.25ean lortu zuten Bilboko suhiltzaileek garrak guztiz amatatzea.

Suak eragindako ke-lainoaren ondorioz, hainbat etxebizitzetako lagunak atera zituzten, badaezpada, baina ez zen zauriturik edo kea arnasteagatik intoxikatutako lagunik egon.

Lakuako Segurtasun Sailaren iturrien arabera, sua piztu zen etxebizitzan baino ez dira egon kalte materialak.