Presoekiko elkartasunez, milaka lagun mobilizatu dira urteko azken egunean ere
Milaka lagun mobilizatu dira urteko azken egunean, Martuteneko zein Basauriko espetxeetara martxak eginez, presoekiko elkartasunez. Hauen askatzea eskatu du Sortuk konponbide «integral» baten bidean, baita mobilizazioaren garrantzia azpimarratu ere, urtarrilaren 13ko Bilboko manifestazioa gogoan.
2.000 lagun inguru elkartu dira igande honetan, urteko azken egunean, Hernanitik eta Donostiatik Kalera Kalera dinamikak deituta Martuteneko espetxera abiatu diren martxetan; gainera, beste ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute Basauriko kartzelaren aurrean.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak hartu du hitza Donostiako mobilizazioaren amaieran. Hiru agur bidaliz hasi du bere hitzartzea: senideei bata, asteon istripua izan duten Marta Igarrizen senideei bestea eta euskal errepresaliatu guztiei azkena.
Preso politikoen askatzea aldarrikatu du Rodriguezek, euskal gatazkaren konponbide «integral» baten bidean. Zentzu horretan, txalotu egin ditu ETAren armagabetzea eta EPPK hartzen ari den norabidea, hauek bake prozesuaren blokeoa gainditzea «erraztu» dezaketelakoan. Horren lekuko da, Sortuko idazkari nagusiaren arabera, Ipar Euskal Herrian ematen ari den fenomenoa.
2018ari begira, Iparraldekoaren trazako prozesu bat nahi luke ezker abertzaleak Hegoalderako ere, eta alde anitzeko konpromisoak batzeko euren esku dagoen guztia egingo dutela adierazi du Rodriguezek.
Esperantza mezu bat ere nahi izan du hedatu: «gizarte bultzadaz posible da estatuen gerra estrategia pitzatzea». Bide horretan mobilizazioarekin jarraitzeko deia egin du, datorren urtarrilaren 13an hitzordu berri bat dagoela azpimarratuz.