INFO

Ibai Zabalak bidea erraztu dio Urrutikoetxeari (17-22)

Bizkaitarrek bosgarren puntua eskuratu dute eta gauzak oso zail ipini dizkiete iazko azpitxapeldunei.


Ordezkoaren ordezko lanak egitea sekula ez da erraza izaten, baina Ibai Zabalak bikain bete du bere egitekoa Labriten eta finalerdietarako bidea asko erraztu dio aurrelari izan duen Mikel Urrutikoetxeari, Bengoetxea VI.a-Larunberi 17-22 irabazita.

Aurrean zegoen mailarekin zaila dirudien arren, atzelariak izan dira lehiaren lehen erdiko protagonistak. Larunbek asko eman dio, pilota bat errebotean ere jarri du, baina Ibai Zabala ez da atzean geratu. Gainera, Mikel Urrutikoetxeak ez du partida hasiera onik izan, gorputz arraro xamarrarekin kantxaratu da, huts gehitxo batu ditu eta Berrizekoak eutsi behar izan dio partidari.

Gorriak aurretik heldu dira lehen geldialdi luzera (12-10), baina Mikel Urrutikoetxeak pixkanaka buelta eman dio gorputzaldi txarrari, azpitxapeldunen pilotak ere gastatu egin dira eta nagusitzen joan. Azken unean, gainera, bere mailarik hartu ezinda ari den Oinatz Bengoetxeak akats larriren bat ere burutu du, 15-17 zirela falta bat ere bai sakez, eta bizkaitarrek ez dute barkatu.