INFO

EAEko herritarrek e-rezeta duten beste erkidegoetan hartu ahal izango dituzte botikak

Ostiral honetatik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek errezeta elektronikoa erabilgarri duten beste autonomia erkidego batzuetako farmazietan hartu ahal izango dituzte botikak.

Hemendik aurrera e-rezeta dutenek botikak Estatuko beste autonomietan hartu ahal izango dituzte. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Urtarrilaren 12tik aurrera EAEko herritarrek errezeta elektronikoa duten beste autonomia erkidego batzuetako farmazietan hartu ahal izango dituzte botikak, Madrilen, Andaluzian, Balear irletan eta Ceuta eta Melillan ezik; eta errezeta elektroniko elkarreragingarria duten autonomietako pazienteek, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazietan hartu ahal izango dituzte. Horretarako, nahikoa izango da osasun-txartela aurkeztea.  

Halaxe jakinarazi du Jon Darpon Lakuako Gobernuko Osasun sailburuak, Osasun Saileko Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazarekin batera Gasteizen eman duen prentsaurrekoan. Errezeta elektroniko elkarreragingarriaren erabilerak hainbat abantaila izango dituela azaldu dute. Aipatu dutenez, botikak «egoki eta zentzuz» erabiltzen lagunduko du, botikak eskuratzeko prozesua arinduko du, behin tratamenduak agintzen direnean ez da osasun-zentrora joan beharrik izango, ez da errezeta galtzeko arriskurik izango, ez da beharrezkoa izango botikak denbora luzez pilatzea eta erabiltzaileentzat «askoz ere erosoagoa» eta, batez ere, seguruagoa izango da, jatorrizko osasun-zentroan norberaren medikuak agindutako tratamenduarekin jarraitu ahal izango baitute.

Darponek nabarmendu duenez, «ez da berrikuntza teknologiko bat bakarrik», errezeta elektroniko elkarreragingarriak «de facto hobetzen du gure herritarrei ematen diegun zerbitzu farmazeutikoa eta osasun laguntza».

Modu horretan, Estatuko Errezeta Elektronikoaren Interoperabilitate Sistemari atxikita dauden edozein autonomia erkidegotako farmazia-zerbitzura izango da sarbide elektronikoa. «Botikak Euskadiko farmazietan eskuratzen ditugun bezala, berdin berdin, eskuratu ahal izango ditugu gainerako autonomia erkidegoetako farmazietan, eta nahikoa da norberaren osasun-txartela aurkeztea», azpimarratu du.

Orain arte, pertsona bat EAEtik kanpoko beste herrialde batera joaten zenean, eta tratamendu kroniko bat jarraitu behar zuenean, aurretik bere osasun-zentrora jo behar izaten zuen eta bertan errezetak inprimatzen zizkioten. Gehienez ere hiru hilabeterako errezetak inprimatu zitezkeen, eta EAEtik kanpora denbora gehiago egonez gero, berriz osasun-zentrora jo behar izaten zuen errezetak egin eta inprimatu ahal izateko. Hemendik aurrera ez da hori egin behar izango.